Irurita eta Aixita gazteluez gehiago jakiteko

Guaixe 2015ko mar. 21a, 10:37
Aixitako gazteluan oroigarria jarri zutenekoa.

Iñaki Sagredok Navarra, Castillos que defendieron el Reino. Tomo V. Nuestra historia, nuestras gentes liburua publikatu du.

Aspaldiko ezaguna dugu Iñaki Sagredo Garde. Ikertzaile nafarrak makina bat urte daramatza Nafarroako erresuma defendatu zuten gazteluak zeintzuk izan ziren, non zeuden eta egun duten egoeraren berri emanez. Gaztelu guztien kokapena egina du mapa batean, airetik argazkiak atera dizkie orduko gazteluei edo gazteluak zeuden tokiei eta garai hartako Nafarroako defentsa ikertzeko eta zabaltzeko lanetan buru-belarri jarraitzen du. Beraren lana oinarri hartuta, Nafarroako erreinua defendatzeko erresuman barna zeuden 118 gazteluetan oroigarriak jartzen ari da Nafarroa Bizirik fundazioa, tartean Sakanakoetan.

Sakanako defentsa eta gazteluak
Sagredoren lanaren arabera –Navarra. Castillos que defendieron el Reino izenburupean 5 liburu argitaratu ditu, azkena aurkeztu berria, beste hainbat lanekin batera–, Sakanako defentsaren oinarria gazteluak ziren. Sakanako defentsa sistema ondoko gazteluek osatzen zuten: Ziordiko gaztelua, Urdiaingo Sarabeko Irurita, Etxarri Aranazko dorrea, Uharte Arakilgoa, Etxeberri-Irurtzungo Bi Aizpeko Aixita eta Arakilgo Orarregi, Gaztelu gainean. Gipuzkoako Ataun eta Ausa gazteluak ere Sakanako defentsa-korridoreko parte ziren. Hortaz aparte, hainbat herri gotortuta zeuden, Etxarri Aranatz eta Uharte Arakil esaterako. Olaztiko eta Uharte Arakilgo elizak ere gotortu zituzten. Iñaki Sagredok uste du Aralarko San Migelen gaztelurik ez, baina zaintza guneren bat egon behar zuela.

Gazteluen atzean zeuden pertsonak
Berriki, liburu berria aurkeztu du Sagredok: “Navarra, Castillos que defendieron el Reino. Tomo V. Nuestra historia, nuestras gentes”. Garaño, Aitzorrotz, Azkar, Orzorroz, Zaitegi eta Sakanako Irurita eta Aixitan egindako lan arkeologikoak aintzat hartu ditu Nafarroako defentsa sistemen inguruko azterketa osatzeko, eta, hortaz aparte, Nafarroako gazteluak defendatu zituzten pertsonen bizipenak eta historiak ekarri ditu. Horretarako Comptoseko Artxibo Orokorreko dokumentuak aztertzen lan handia egin du ikertzaileak. “Izen-abizenak dituzten pertsonak dira, Erdi Aroko garaiko bizipenak dituztenak, Nafarroako defentsan lan egin zutenak, eta, askok, Nafarroaren alde bizia emanzutenak. Euren bizipenen berri ematearekin batera, liburuan argazkiak, planoak eta gaztelu eta gotorlekuak kokatuta dauden mapak topatu daitezke. Gure historia sortu zutenendako omenaldi bat izan nahi du liburu honek” adierazi du Iñaki Sagredok. “Liburu honen irabaziak gure gazteluak izan zirenak berreskuratzeko egiten ari garen lanetara bideratuko dira, tartean Irurita eta Aixita gazteluen errekuperaziora” gaineratu du idazleak.

Irurita eta Aixita
Urdiaingo Saraben eta Arakil-Irurtzunen kokatzen ziren gazteluetan arkeologia lanak egiten jarraitzeko asmoa daukate.