Goazen denok Korrika!

Guaixe 2015ko mar. 20a, 08:20
Urepeletik abiatu zen atzo Korrika, Bilbo helburu duena.

Atzo abiatu zen Korrika, Urepelen. Gaur goizaldean Irurtzundik pasako da baina Sakana punta batetik bestera martxoaren 28an zeharkatuko du, goizaldean.

Atzo abiatu zen, arratsaldeko bostetan, 19. Korrika, Urepelen, makina bat jenderen babesa zuela. Urepeletik hasi eta Euskal Herrian barna ibilbide zabala egingo du Korrikak, 11 egun eta 2.459 kilometro gainditu ondoren martxoaren 29an Bilbon despeditzeko, “Euskahaldun” lelopean.

Euskahaldun
“Herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen” esan zuen Amets Arzallusek Korrika 18ren bukaeran, Baionan. “Hortaz, euskahaldundu gaitezen” erantzun dio aurtengo Korrikak. “Ahaldundu gaitezen euskararen eta euskalgintzaren egoeraz. Batu ditzagun nire, zure, haren ahalegin pertsonalak eta biderka dezagun gure ahalmena auzolanean. Egin dezagun eta eragin. Eta egin eragin. Euskaldun guztiok osatzen dugu Euskal Herria, Euskararen Herria eta horixe aldarrikatu nahi dugu, guztion artean, auzolanean eta elkarlanean, lortu ahal dugula euskaraz biziko den herria, euskalakariz osatutako herria”. Hori da Korrikak aurten aldarrikatu nahi duen mezua.

Korrikak aurten 50 urte beteko dituen Durangoko azoka omenduko du, “liburu eta diskoen azokaz haratago, euskalgintzaren eta euskal kulturaren bilgune delako, euskaldunen eta kulturzaleen ezinbesteko topalekua”.

Sakanan bitan
Sakanatik bitan pasako da aurten Korrika. Gaur, ostiralean Iruñera sartu ondoren, gauerdian Berriozartik pasatuko da eta larunbat goizaldean, 1:57an pasako da Irurtzundik, Uitzi eta Leitzara bidean. Hurrengo larunbat goizaldean, martxoaren 28an, Sakana zeharkatuko du puntatik puntara. Etxauritik sartuko da Sakanara, Errotzera, goizaldeko 2:00tan. Irurtzun (2:21), Satrustegi (2:53), Lakuntza (4:12), Etxarri Aranatz (4:44), Altsasu (6:08) eta Ziordia pasatuta (7:06), Eginotik (7:39) Bilborako bidea hartuko du.


Korrika txikiak eta Korrika Kulturala
Korrikaren inguruan Korrika Kulturala eta Korrika txikiak antolatzen dira Sakanako herri askotan. Dagoeneko martxan dira makina bat ekitaldi. Horien guztien berri Guaixeko agendan duzue.

Irurtzun  
Martxoak 20, ostirala
18:30ean Barazki gunean ITB umeekin: pankarta, photo call, zumba saioa…
20:30ean Idoia Tapiaren kontzertua, Larrazpin.
22:00etan Afaria Larrazpin.
1:00etan Korrikalejira Larrazpitik gurutzeraino.
1:57an 19. Korrika.

Lakuntzan
Matxoak 21, larunbata*
10:30ean Familiendako mendi buelta. Gosaria izanen da.
12:30ean Buruhandiak.
13:00etan Elai-Alai dantza taldea. Ondoren auzatea.
18:30ean Izenak izana, Euskal Herriko ipuin eta kondairak. Enekharitza ipuin kantalaria. Kultur etxeko goiko gelan.
* Ekintzan egin bitartean Korrikako materiala salgai izanen da.

Mintzodromoa
Estreinakoz Sakanan, ostegunean, 19:00etan, Mintzodromoa eginen da. Euskara plazara ateratzeko eta erabilera bulkatzeko elkargunea da Mintzodromoa. Helburua da jendea taldetxoetan elkartzea eta proposatutako gai bati buruz hizketatzea. Denbora tarte bat pasatu ondoren, taldeak desegin eta berriak sortuko dira. Mihia errazago dantza egin dezan merienda goxoa eta musika iragarri dituzte. Gurasoei haurrekin joateko gonbitea egin diete, haiendako ginkana, margoak eta bestelakoak prest dituztelako. Mintzodromoa Altsasuko Foru plazan izanen da, eguraldiak lagunduko ez balu, Gure Etxea eraikinean.


Segurtasun arauak
Korrika gauez pasako denez, ezinbestekoa da korrikalaria bere burua iluntasunean nabarmentzea. Horregatik, arropa islatzaileak edota linternak eraman behar dituzte; ikusteko eta ikusiak izateko. Korrika etorri aurretik eta joan ondoren errepidearen ezkerreko bazterbide ibili behar da, errepidera atera gabe. Beharrezkoa bada ez gurutzatu errepidea.