San Jorgek Altsasu menpean hartu zuen

Guaixe 2015ko mar. 23a, 09:20
Etxarri liderrak hiru puntura du Arrotxapea.

Erregional maila. 26. jardunaldia. San Jorge 3 – Altsasu 1. Etxarrik atseden jardunaldia zuen

Asteburuan Etxarri liderrak atseden jardunaldia zuen eta Altsasuk Iruñean jokatu zuen. San Jorge eta Altsasuren arteko partida oso lehiatua izan zen. Lehen zatian bi taldeek gol aukera politak izan zituzten. San Jorge aurreratu zen, baina atsedenaldia baino lehen Altsasuk berdintzea lortu zuen, Imanolek sartutako gol bati esker. Bigarren zatia hasi eta berehala San Jorgek bigarrena sartu zuen. Altsasuk ez zuen behera egin eta berdintzen saiatu zen, behin eta berriz, baina San Jorgeren atezainak altsasuarren asmoak zapuztu zituen. Partida bukatzear zegoela San Jorgek Altsasuko atean asmatzea lortu zuen eta horrela bukatu zen partida, San Jorgek 3-1 irabazita.

San Jose egunean atzeratutako partidak jokatu zituzten Etxarrik eta Altsasuk. Etxarrik Doneztebe hartu zuen eta azken hauek irabazi zuten, 1-3. Lehen zatian Etxarrik aukera politak izan zituen, baina ez zuen baloia sartzen jakin. Atezainari baloia eskapatu zitzaiola aprobetxatuz aurreratu zen Doneztebe. Etxarrik berdintzea lortu zuen bigarren zatian, baina jokalari bat gutxiagorekin geratu zen liderra arbitroak Unai kaleratu eta gero, eta jokalari bat gutxiagorekin aritzea nabaritu zuen Etxarrik. Doneztebek bi gol sartu zituen eta, azkenean, 1-3 gailendu zen.

Bestalde, Berriozarri 1-2 irabazi zion Altsasuk. Partida hasi eta berehala aurreratu ziren altsasuarrak, Dariok penalti argi bat sartu eta gero. Baina berehala Berriozarrek berdindu egin zuen. Bigarren zatian Altsasuk arriskua sortu zuen eta, azkenean, 1-2 aurreratzea lortu zuen, Imanolek sartutako golari esker.

Etxarri liderrak hiru puntura du Arrotxapea
Sailkapenean Etxarrik jarraitzen du lider (59 puntu) baina geroz eta gertuago dago Arrotxapea, 3 puntu eskasera (56 puntu). Altsasu 9.a da (38 puntu). Asteburuan Lekunberrin ariko da Etxarri Aranatz, sailkapenean azkenaurrekoa den Beti Kozkorren kontra. Lidergoari eusteko irabaztera derrigortua dago Etxarri. Aldiz, Altsasuk sailkapenean hirugarrena den Leitzako Aurrera taldea hartuko du.