Finalerdietan zerotik hastera

Guaixe 2015ko mar. 23a, 12:38
Halako finala izatea nahiko genuke.

Berasaluze-Zubieta, Ezkurdia-Zabaleta, Artola-Albisu eta Bengoetxea VI-Aretxabaleta sailkatu dira finalerdietarako

Bukatu da Binakako Txapelketako hasierako ligaxka. 8 bikote lehiatu dira eta elkarren kontra bitan aritu dira, guztira 14 jardunaldi jokatuz. Berasaluze eta Aitor Zubieta izan dira bikote finena, 10 garaipen lortuz. 9 garaipen lortu dituzte Artola-Albisuk eta Ezkurdia-Zabaletak. 7, aldiz, Bengoetxea VI-Aretxabaletak eta Irujo Barriolak. 6 garaipen bildu dituzte Retegi-Rezustak, 5 Olaizola ordezkatu duen Urrutikoetxeak eta Beroizek eta 3 puntu Xala-Merinok.

Hortaz, ondoko bikoteak sailkatu dira finalerdietarako: Berasaluze-Aitor Zubieta, Ezkurdia-Zabaleta, Artola-Albisu eta Bengoetxea VI.a-Aretxabaleta. Azken hauek bidean utzi zituzten Irujo eta Barriola egungo txapeldunak. Asegarceko hiru biko eta Aspeko bakarra, sakandarrena. 2007tik lehen aldiz, ez Irujo ez Olaizola II.a, bietako inor ez da ariko finalaurrekoan.

Aipatzekoa da hiru sakandarrak aurrera egitea lortu dutela, txapelketa luze eta gogorrean. Lesioak izan dira protagonista eta bikote ia gehienek ordezkoren bat behar izan dute. Ezkurdiak eta Zabaletak izan ezik. Bi sakandarrek maila bikaina eman dute eta ez dute atsedenik hartu. Hala ere, orain zerotik hasiko dira berriro finalerdietarako ligaxkara sailkatu diren bikoteak. Elkarren kontra jokatu eta gero, bi bikote onenak sailkatuko dira finalerdietarako. Ea gureak diren.

Azken jardunaldian galdu
Hasierako ligaxkako azken jardunaldian galdu egin zuten pilotari sakandarrek. Urrutikoetxeak eta Beroizek 22-9 irabazi zieten Ezkurdiari eta Zabaletari ostiralean Aizarnazabalen. Bestalde, Arnedon ezustekoa eman zuten Retegi Bik eta Rezustak, 22-16 irabazi baitzieten Berasaluze eta Zubieta liderrei. Ez zegoen ezer jokoan, ohorea baizik, eta Retegi Bi eta Rezusta hasieratik hasi ziren agintzen, jokoan zegoen puntua lortuz.