Aukeratu dute

Guaixe 2015ko mar. 26a, 08:45

Berasaluze-Zubietak eta Bengoetxea VI-Untoriak Aretxabaletak Untoriari bere lekua uztea keinu elegantetzat jo zuten

Atzo Binakako finalerdietarako materiala aukeratu zuten Berasaluze-Zubietak eta Bengoetxea VI-Untoriak. Material aukeraketan zeudela jakin zen Aretxabaletak uko egin diola Binakakoan jarraitzeari eta Untoriak hartuko duela, behin betiko, bere tokia. Albistea errespetatzen zutela eta horrek “Aretxabaletaren izaeraz eta ontasunaz“ asko esaten zuela adierazi zuten lau pilotariek, eta biztaitarraren “keinu elegantea” goraipatu zuten guztiek.

Laurek partida zaila izango dela onartu zuten eta “euren jokoa egiten saiatuko direla, euren aukerak izateko” nabarmendu zuten Berasaluzek eta Zubietak. Izan ere, larunbateko partida gogorra espero da. Oinatz Bengoetxea eta Untoria Irujo eta Barriola bidean uzteagatik datoz, morala gainezka. Berasaluzek eta Zubietak, bere aldetik, hasierako ligaxka bikaina egin dute. Laurek ez zuten kexarik izan aurkeztutako materialarekin eta partida zaila izango dela nabarmendu zuten.

Gaur aukeratuko dute Ezkurdia-Zabaletak eta Artola-Albisuk
Igandean beste finalerdia jokatuko dute Ezkurdia-Zabaletak eta Artola-Albisuk, Donostiako Atano III.ean. Materiala gaur, ostegunean, 11:30ean aukeratuko dute, Donostian.