Etxarri Aranatzen erabakiko dira Nafar Herri Kirol Jolasak

Guaixe 2015ko mar. 28a, 08:22

Igandean, 11:00etan, Euskalerriari pilotalekuan

Igandean Nafarroako Herri Kirol Jokoetako finala hartuko du Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuak, goizeko 11:00etatik aurrera. Altsasun, Berroetan, Berriozarren eta Arantzan jokatutako jardunaldien ondoren, igandean erabakiko da txapelketa, Etxarri Aranatzen.

Nafar Herri Kirol Jolasak Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatzen ditu, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuarekin batera. Bertan kimuek (11-12 urte), haurrek (13-14 urte) eta kadeteek (15-16 urte) hartzen dute parte. Haurren eta kadeteen mailan sokatira eta proba konbinatua –koxkolak biltzea, zaku lasterketa, txingak, korrika eta trontza– jokatzen dira, eta kimuek proba konbinatua egiten dute soilik, trontzarik gabe.

Talde sakandarrak
Aurten inoiz baino talde gehiago ari dira lehiatzen Nafar Herri Kirol Jolasetan, tartean sakandarrak, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolatik sortutako Andra Mari, Ondatz, Beriain, Leziza eta Putterri taldeak eta Altsasuko Iñigo Aritza ikastolatik sortutako Iñigo Aritza taldeak.

Proba konbinatua
Igandean Arantzan jokatutako laugarren jardunaldian, kimuen mailan 4 multzotan banatuta aritu ziren lehiatu ziren 14 taldeak, eta talde sakandarrak jaun eta jabe izan ziren. Iñigo Aritza C izan zen azkarrena (6:21), Andra Mari (6:24), Beriain (6:25) eta Iñigo Aritza B (6:34) taldeen aurretik. Iñigo Aritza A 7.a izan zen (6:44) eta Ondatz 12.a (7:19). Etxarriko finalerako txartela lortu duten taldeak Andra Mari, Beriain, Iñigo Aritza C eta Araxes dira.
Haurren mailan aritzen diren 8 taldeak bi multzotan banatuta aritu ziren. Andra Mari izan zen onena (8:05), Leziza 4.a (8:47) eta Iñigo Aritza 8.a (10:29). Etxarriko finalean arituko diren taldeak Andra Mari, Araxes, Leziza eta Basaburua izango dira.
Kadeteetan 6 talde aritu ziren. Berriozar izan zen onena (9:32). Andra Mari hirugarrena sailkatu zen (9:45) eta Iñigo Aritza 6.a (12:15). Etxarriko finalean Berriozar, Andra Mari, Ultzama eta Basaburua ariko dira.

Sokatira
Haur mailako sokatiran (480 kilo) 6 talde lehiatu ziren Arantzan, bi multzotan banatuta. A multzoan Iñigo Aritza (3 puntu) eta Leziza (1,5 puntu) izan ziren onenak, eta B multzoan Andra Mari (3 puntu) eta Putterri (2 puntu). Iñigo Aritzak, Berriozarrek, Andra Marik eta Putterrik lortu dute Etxarriko finalerako txartela. Kadete mailan (540 kilo), aldiz, 5 talde lehiatu ziren. Berriozar izan zen onena (5 puntu), Ultzama bigarrena (4 puntu), Andra Mari hirugarrena (3 puntu), Iñigo Aritza laugarrena (2 puntu) eta Araxes bosgarrena (1 puntu). Kategoria honetan liga sistema jokatzen ari denez, Etxarri Aranatzen 5. jardunaldia jokatuko dute.