Ezkurdia-Zabaleta eta Artola-Albisu materialarekin gustura

Guaixe 2015ko mar. 27a, 09:46

Igandeko finalerdietarako pilotak aukeratu zituzten atzo Atano III.ean

Ezkurdia-Zabaletak Artola-Albisu izanen dituzte arerio finalerdietako lehen jardunaldian, igandean, Donostiako Atano III.ean. Atzo aukeratu zituzten pilotak pilotari gazteek. Izan ere, Ezkurdiak 24 urte ditu, Zabaletak 24, Artolak 20 eta Albisuk 25. Hori izan zen pilota aukeraketan aipatutako datuetako bat. Eta, bestea, Ezkurdia eta Zabaletaren sasoia. Izan ere, Binakako hasierako ligaxkako partida guztiak jokatu dituen biko bakarra Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaletarena da. “Sakanako ura izango da” zioen Ezkurdiak irribarrez. “Joseri eta niri lesioek errespetatu gaituzte, zortea alde izan dugu eta normalean eskuz ongi ibiltzen gara” gaineratu zuen arbizuarrak.

Lau pilotariak gustura geratu ziren aukeratu zuten materialarekin. Partida gogorra eta lehiatua izango dela aurreikusten da. Beste finalerdian, larunbatean Berasaluze II.ak eta Aitor Zubietak Oinatz Bengoetxea eta Alvaro Untoria izango dituzte aurkari. Onena opa diegu sakandarrei.