Eragin, energia aurrezteko foroa

Guaixe 2015ko mar. 27a, 11:20
SNEINN programan parte hartzen ari diren ekintzaileak trebatzaileekin.

Ostiralean, 18:30etik 22:00etara, eta larunbatean, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 22:00etara, Altsasuko Gure Etxean.

BE UP elkartea da energia aurrezteko foroa antolatu duena. Hamar ekintzaile sakandarrek sortu dute elkartea. Haien helburua “Sakanako ekonomia dinamizatzeko eta enplegua sortzeko enpresa proiektuak garatzea” da. Esku artean dituzten proiektuak ezagutzera emateko antolatu dute BE UP-ekoek foroa. Aldi berean, asteburuko hitzaldien bidez energia eraginkortasunari eta aurrezpenari buruzko argibideak emanen dituzte. Gaur enpresei zuzenduta, bihar herritarrei. Baina bi egunetan pasa daiteke jendea, egitasmoak gauzatzeko taberna jarri baitute.

Ekintzaileen elkarte berria Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Mondragon Unibertsitatearen laguntzarekin aurrera egin du. SNEINN (Sakana Nafarroa Ekintzaile eta Berrikuntza) programaren fruitua da. Autoenplegua sustatzea eta mentalitate eta jarrera ekintzailea sustatzea du helburu programa horreki.

Langabezian zeuden eta izena eman zuten ekintzaileen artean hamar izan ziren aukeratuak. 35 eta 55 urte artean dituzte eta profil profesional ezberdina. Eginez ikasi finlandiar metodologia erabiliz ari dira euren burua trebatzen. Ilbeltzaren 20tik apirilaren 30era euren burua trebatzen ari dira Altsasuko Otadiko Kristo Deuna aterpetxean.

Bi proiektu dituzte esku artean eta haiek martxan jartzeko finantzabidea izan nahi du asteburuko foroak. Horregatik, Batutak 2013an egin zuen moduan Gure Etxea eraikinaren beheko solairua taberna bihurtuko da. Jan edanak izanen dira. Hirutan zozketatuko dituzte Sakanako ekoizleen produktuak. Horretaz aparte, Arrarasko Kaaño landetxean asteburuko egonaldia zozketatuko dute. “Energiaren aldetik auto askia da etxea, birziklatutako materialekin egina. Fen suirekin. Gai horretan interesa duenak bisita dezake” gaineratu dute.

Proiektuak
Gaur egun bi proiektu aurrera ateratzeko lanean ari badira ere, hasiera batean 140 proiektu aipatu zituztenn. Hautaketa egin eta bederatzirekin gelditu ziren, gero bostekin eta, azkenik, birekin gelditu dira.

Errotore magnetikoa
Garatzen hasi garen proiektuetako bat errotore magnetikoa da. Haren bidez ohiko energia erabili gabe energia garbia sortu nahi dute. Energia aurrezpena dakar horrek. Doako energia, azken batean. Gonzalezek azaldu digunez, “dauden motoreen eraginkortasuna handiagoa izateko imanak jartzen ari dira. Beste pausu bat aurrerago daude guztiz magnetikoak diren errotoreak, elektrizitate ekarpenik gabe bere kabuz funtzionatzen dutenak. Azken mendean prototipo ugari sortu dira. Jende asko ari da horretan. Borondateak elkartu eta elkarrekin aurrera egitean datza proiektua”.

Gizartearendako eta jende askorendako garrantzitsua dela uste dute: “argi mozketak izaten dira, energia pobrezia dago… Horren inguruko konponbideak emanen luke errotoreak, bai etxerakoa,bai industriarako”. Prototipo txiki batekin probak egiten ari dira, gerora eskalan handitu daitekeena. “Gaia kaleratu dugunean, Sakanan bertan, sorpresa atsegina hartu dugu inguruko jende askok errotore magnetikoa esku artean duen gaietako bat baita. Haiekin harremanetan jarri eta ateak zabaltzea segitzera animatu gaitu.

Zelaiak langintza horretan Sakanako Garapen Agentziako Aintzaneren laguntza eskertu du: “harreman horietan asko lagundu gaitu. Kontaktuekin, prototipoak dituzten hainbat pertsonekin harremanetan jartzen… Sakanan energia berriztagarrien inguruan ari direnen aldetik laguntza eta elkar lan handia izaten ari gara”. Energia aurrezpena eta jasangarritasuna ardatz dituen sarea sortzea dute helburua. “Borondate horiek batuko dituenak eta, era berean, komuneko helburu horretarako baliabideak batzeko”.

Sakanako Plan Estrategikoan energia da lan ildoetako bat. Garapen agentziarekin harremanetan daude BE UP elkartea. Haren bidez, Europako diru-laguntzen atea jo dute. Sakanako Mankomunitatearen aurrekontuetan energiaren ildoa sustatzeko saila egonen dela aurreratu digute.

Zaharberritzeak
Bigarren proiektua etxebizitzen zaharberritzerakoan eraginkortasun energetikoa kontuan izatean datza, energia aurrezteko eta Europako araudia betetzeko. Etxebizitza pribatuetarako eta erabilera soziala luketen udal egoitzen zaharberritzea dute buruan. “Asteburuan foroan hitz eginen dugun guztia zaharberritze horiei gehituko dakieke”.

Dagoeneko ibarreko udalekin harremanetan izan dira, baina konpromisorik ez dutela nahi azaldu digute: “Batetik, dirurik ez dagoelako. Eta, bestetik, legegintzaldi bukaera delako eta udaberri bukaeran udal berria izanen delako. Udal berriei aurkeztu beharko diegu. Mahai gainean epe luzerako jarri behar den zerbait da. Egun dauden alkateei aurkeztu diegu eta gustatu zaie, baina haien esku ez daudenez, urte bat edo urte eta erdi barru gauzatu daiteke. Bitartean egitasmoa izoztuta geldituko da”.



Orain arteko esperientzia
SNEINN programan izena zergatik eman zuten galdetuta, “ekintzaileak garelako” esan du Eva Andonegik. Jokin Zelaiak eta Erkuden Riezuk lan merkatuan sartzeko aukera bat opatzea edota lan merkatuan bide egitea aipatu dituzte. Francisco Javier Gonzalezek programa ezagutzen zuen eta trebatzea eta lan merkatuan sartzea zituen buruan. Maribi Martinez de Albenizek esperientzia berria bizitzeko nahia eta lan taldean lan egiteko gogoa gaineratu ditu.

Orain artekoak zituzten aurreikuspenak “guztiz” bete dizkiela azaldu digute. Hainbat gauza aipatu dizkigute: bizia, irakurketa asko, bilera asko, bete beharreko helburu asko, prestakuntza asko… “Oso ongi dago” laburbildu du Gonzalezek.  Boskoteak azaldu digunez, astelehen eta asteazkenetan trebatzaileekin saioak dituzte. “Astean zehar egindako lana baloratu eta norabidea zehazten digute. Gatazkaren bat badago hura bideratzeko baliatzen dugu”.

Gainera, astero trebakuntzari egun bat edo bi eskaintzen dizkiote. “Tailer bereziak ekartzen dizkigute. Ikasten ari garenaren araberako trebakuntza-pilulak edo tailerrak ekartzen digute. Dela, enpresa ereduez, enpresa nola sortu… Mota guztietakoak. Asko estutzen gaituzte”. Trebatzaileek haiek eskatutako bisitak antolatzen dizkiete. Beste herrietako ekintzaile taldeekin ere harremana izan dute. Diotenez, “ez dugu ordutegirik, noiz etorri bai baina noiz aterako garen ez dakigu. Ezta non egon behar dugun ere. Ekintzaileak gara”.



Izenaz
BE UP Sostenible elkartearen izenaz honako argibideak eman dizkigute bere kideek: “bultzada izan eta motibatuak egon nahi dugulako. Hazteko gogoz gaudelako. Horregatik, Lizarragako porutik begiratuta Beriainen profilaren irudia hartu dugu iruditzat. Mendira igoera, tontorra”. Sosteniblek ere badu bere zergatiak: “gauzatu nahi ditugun proiektuak ingurumenarekin, energia berriztagarriekin eta jasangarritasunarekin lotuak daudelako”.


Egitaraua
Martxoak 27, ostirala
18:30ean Irekiera. Pintxo potea eta aurkezpena.
18:45ean BE UP elkartearen eta errotore magnetikoa egitasmoaren aurkezpena.
19:30ean Aurrezpena eta eraginkortasun energetikoa enpresetan. Hizlaria: Goiener.
20:00etan Andra Mari ikastolako berogailu proiektuaren aurkezpena. Hizlaria: Orleghy.
22:00etan Produktu sorten zozketa eta itxiera.

Martxoak 28, larunbata
11:30ean Irekiera. Pintxo potea eta aurkezpena.
11:45ean BE UP elkartearen eta errotore magnetikoa egitasmoaren aurkezpena.
12:30ean Aurrezpena eta eraginkortasun energetikoa etxean. Energia berriztagarrien aplikazioa. Hizlaria: Esip.
13:00etan Faktura elektrikoaren irakurketa. Hizlaria: Goiener.
13:30ean Produktu sorten zozketa eta itxiera.
18:00etan Energia berriztagarrien ekoizpena. Hizlaria: Xabier Senar.
18:30ean Errotor magnetikoa. Hizlaria: Francisco Javier Gomez eta lagunak.
19:00etan Motore magnetikoei buruzko bideo proiekzioa.
22:00etan Kaaño landetxean asteburu bateko egonaldiaren zozketa.