Txanponaren bi aldeak

Guaixe 2015ko mar. 30a, 10:42

Ezkurdia-Zabaletak aurrerapausu handia eman dute Artola-Albisuri irabazita eta Berasaluze-Zubieta, galdu eta gero, irabaztera behartuta daude aukeraren bat izan nahi badute

Binakako 2. finalerdia
Bengoetxea VI-Untoria / Ezkurdia-Zabaleta (larunbatean, 17:30ean, Labriten. laSexta)
Berasaluze II-Zubieta / Artola-Albisu (igandean, 17:00etan Ogetan. ETB1)

Binakako finalerdiko lehen jardunaldian txanponaren bi aldeak ezagutu dituzte gure pilotariek. Larunbatean, Bilbon, Oinatz Bengoetxeak eta Alvaro Untoriak 9 tantotan utzi zituzten Pablo Berasaluze eta Aitor Zubieta. Berasaluzek eta Zubietak ez zuten orain arte eskainitako itxurarik eman. Aldiz, Oinatzek sekulako lezioa eman zuen aurreko koadroetan eta Untoriak kantxa bikain babestu zuen. Gainera, errioxarrak Zubieta menpean hartu zuen eta pilota bikainak utzi zituen Oinatzen eskutan, leitzarrak bikain aprobetxatu zituenak. Berak jotako doinuei segika aritu ziren gainontzekoak.

Nolanahi ere, hasieran ongi hasi zen Pablo Berasaluze, eta 3-1 aurreratuz ekin zuten partida berak eta Zubietak. Baina partida hasieratik nabaritu zen Zubieta ez zegoela eroso. Larunbata ez zen etxarriarraren eguna izan eta partida sufrikario latza izan zen Zubietarendako. Zubietak ezin zuen agindu eta gauzak ez zitzaizkien espero bezala atera. Oinatz eta Untoria aldea hartzen hasi zirenean, behera egin zuten Berasaluzek eta Zubietak; ezinean ibili ziren. Jaun eta jabe izan ziren Bengoetxea eta Untoria, eta merezitako garaipena lortu zuten. Gauzak izugarri zaildu zaizkio Berasaluzeri eta Zubietari.

Biko sakandarra oso fin
Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak, aldiz, euren onena eman zuten igandean Atano III.ean. Serio aritu ziren, sendo eta indartsu, eta garaipen garrantzitsua lortu zuten Iñaki Artolari eta Jon Anderri 22-16 irabazi baitzieten.

Egungo bi atzelari indartsuenetakoak lehiatu ziren, Zabaleta eta Albisu. Nahiz eta Albisuk akaso indartsuago jo, Zabaletak hobeto mugitu zuen pilota. Gainera, Ataungo atzelariak akats gehiago egin zituen, eta Zabaleta, aldiz, ziurrago aritu zen. Zabaletak hiru akats egin zituen, eta Albisuk, aldiz, bederatzi, eta sake bat ezin izan zuen bueltatu.

Dena den, bi bikoak paretsu hasi ziren, zortziko berdinketara arte. Hortik aurrera Artola eta Albisu ohi baino akats gehiago egiten hasi ziren, eta Ezkurdiak eta Zabaletak egoera probestu zuten, markagailuan aldea ateratzeko (14-8 eta 18-12). Artolak eta Albisuk ez zituzten besoak jaitsi eta defentsa ikaragarria eginez sakandarrei beldurra sartzea eta markagailuan hurbiltzea lortu zuten. Baina 18-16 zeundenean, Artolak gantxoa taulara bidali zuen, eta hor ihes egin zitzaien partidak. Bukaeran, 22-16 gailendu ziren sakandarrak, garaipen borobila lortuta.

Bi sakandarrak pozik zeuden egindako lanarekin. “Aste honetan asko hitz egin dugu elkarrekin, partidari nola aurre egin eta beste. Gauza batzuk nola aldatu, partidari eta jokoari erritmoa bizkortzea interesatzen zitzaigula eta beste. Eta horrek guztiak mesede egin digu, biok hobetu dugulako” adierazi zuen Etxarrengo atzelariak partida bukaeran.

Bigarren finalerdia
Ezkurdiak eta Zabaletak Oinatz Bengoetxea eta Alvaro Untoria izanen dituzte aurkari bigarren finalerdian, larunbatean Iruñean jokatuko den partidan. Bi bikoak irabaztetik datoz eta bigarren garaipenak finalean egoteko txartela emango lieke besteei. Hortaz, jardunaldiko partida interesgarriena izango da hau, finalean egotea baitago jokoan.

Beste partidan, galtzetik datozen bi bikoak, Berasaluze-Zubieta eta Artola-Albisu lehiatuko dira. Biak irabaztera behartuta daude, finalean egoteko aukerak izateko. Hortaz, hil ala biziko partida izanen da hau ere. Ea etxarriarrak jokoan dagoen puntu garrantzitsu hori lortzerik duen.