Racing San Migel txapelduna

Guaixe 2015ko mar. 30a, 13:15

Final zirraragarrian, Bunkerren kontra penaltietan irabazi zuten uhartearrek

Ostiralean Futsalsakana areto futbol txapelketako final handia jokatu zen Uharte Arakilen. Bunker talde altsasuarra eta Racing San Migel talde uhartearra parez pare lehiatu ziren, ligako txapelketa jokoan. 200 ikusle inguru bildu ziren Uharte Arakilen final lehiatua ikustera, giro paregabean.

Hasieratik bukaerara arte iraun zuen emozioak. Bi taldeak bikain lehiatu ziren eta berdinketarekin despeditu zen bai partida eta baita berdinketa hausteko luzapena ere. Izan ere, bi taldeek bikain jokatu zuten, jokaldi ederrak sortuz. Txapelketa, hortaz, penaltietan erabaki behar izan zen.  

Partida hasieran Bunker hobeto kokatu zen kantxan. Racing San Migel saiatu zen, baina Bunkerren defentsa sendoa apurtzea kosta egin zitzaien uhartearrei. Bi kontraerasoetan Xabierrek eta Andonik Bunker 0-2 aurreratu zuten, baina Racingeko Asierrek 1-2 gerturatzea lortu zuen. Bunkerreko Xabierrek bigarren gola sartu zuen eta Bunker atsedenaldira aldeko 1-3arekin joan zen.

Bigarren zatian Racing San Migel irabaztera atera zen. Bunkerrek izugarri presionatu zuen baina uhartearren jaurtiketak ez ziren atera sartzen. Azkenean, Jose Manuelek sartutako bi golekin hirura berdindu zuen Racing San Migelek. Berdinketa hausteko luzapenean Iban Perezek gola sartu eta 4-3 aurreratu zuen Racing. Bunkerrek ez zuen etsi eta luzapena bukatzeko minutu baten faltan laura berdintzea lortu zuen Xabier Aiestaranek.

Horrela, penaltietan erabaki zen txapelduna. Hiru penalti jaurti behar zituen talde bakoitzak. Taldeak penaltiak asmatzen joan ziren, baina Bunkerren hirugarren penaltia geratu zuen Racingeko Beñatek eta Racing San Migelek lortu zuen Futsalsakana liga irabaztea.

Sari ematean Uharte Arakilgo Udaleko zinegotziak egon ziren. Txapeldun eta txapeldunordeendako kopa eta trofeoez gain, Racingeko Jose Manuel Gorritik lortu zuen ligako pitxitxiaren saria.

Apirilean kopa
8 taldek hartuko dute parte Futsalsakana Kopan: Back Street Boys, Racing San Migel, Arbizu harrobia, Hijos de perla, Arbizu K.T., Bunker, Iturmendi eta Auzomotojorik. Lehen jardunaldia apirilaren 25ean jokatuko dute.

https://www.youtube.com/watch?v=ikvGRcuiru0&feature=youtu.be
Futsalsakana finaleko bideoa.