Etxarri eta Altsasu ongi

Guaixe 2015ko mar. 30a, 15:50

Erregional maila. 27. jardunaldia: Beti Kozkor 2 – Etxarri 3 / Altsasu 1 – Aurrera 0

Erregional mailan dabiltzan talde sakandarrei ezin hobe joan zaie asteburu honetan. Etxarri liderrak garaipen garrantzitsua lortu zuen Beti Kozkorren kontra (2-3). Lehen zatian Bet iKozkorrek dominatu zuen eta Etxarri bere jokoa egin ezinik ibili zen, baina atsedenaldira bi goleko errentarekin joan zen Etxarri, bi kontraerasoei esker. Bigarren zatian Beti Kozkorrek dominatzen jarraitu zuen eta 68. Minuturako bina berdintzea lortu zuten Lekunberrikoek. Etxarri, gainera, jokalari bat gutxiagorekin geratu zen, arbitroak Mikel kaleratu zuelako, baina Xabatek garaipenaren gola sartu zuen, penaltiz, eta hiru puntu lortu zituzten etxarriarrek.

Altsasuk ere garaipen polita lortu zuen Leitzako Aurrera taldearen kontra. Bi taldeak parez pare lehiatu ziren eta partida ederra eskaini zuten. Atsedenaldia baino lehen Javik Altsasu aurreratu zuen. Bigarren zatian Aurreraren erasoez defendatzen aritu zen Altsasu eta ongi mantendu zuen lortutako errenta. 1-0 irabazita bukatu zuten partida altsasuarrek.

Etxarri liderrak (62 puntu) 6 puntu ateratzen dizkio Arrotxapeari. Asteburuan Etxarrik sailkapenean 10.a den Uharte B taldea hartuko du. Aldiz, sailkapenean 5.a den Burlades izango du aurkari Altsasuk.