Ezkurdia: “Jokoari abiadura sartu beharko diogu, euren nagusitasuna apurtzeko”

Guaixe 2015ko api. 1a, 10:00

Atzo larunbateko partidako pilotak aukeratu zituzten Ezkurdia-Zabaletak eta Bengoetxea VI.a-Untoriak

Binakako finalerdiko ligaxkako 2. jardunaldian Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak Oinatz Bengoetxea eta Alvaro Untoria izanen dituzte arerio larunbatean Labriten. Bi bikoteak irabaztetik datoz eta partida irabazten duenak finalerako txarteletako bat lortzeko aurrerapausu handia egingo luke. Partidak ikusmin handia piztu du eta ziurrenik Iruñeko bombonera bete egingo dela lehia ikusgarri hau jarraitzeko.

Jokoa azkartu
Lau pilotariek atzo egin zuten material aukeraketa eta gustura geratu ziren aurkitu zutenarekin. “Materialarekin kontentu nago. Antzeko materiala da. Akaso, pilotetako batek frontisetik irteera handia dauka, baina esperotakoa” adierazi zuen Ezkurdiak. Arbizuarrak gaineratu zuen finalerdiko lehendabiziko partida jokatu eta gero, lasaiago dagoela. “Irabazi genuen eta sentsazio onak berreskuratu genituen. Hori da onena. Nik lasaitzea lortu nuen, baina Oinatz eta Alvaroren kontrako partida beste modu batez hartuko dut. Izan ere, oso partida zaila dugu aurrez aurre. Bengoetxea erasoan asmatzen ari da eta Untoriak kantxa asko estaltzen du. Gu gure jokoa egiten saiatuko gara: tantoa dominatu eta jokoari abiadura sartu beharko diogu, euren nagusitasuna apurtzeko” gaineratu zuen.

Iritzi berekoa zen Zabaleta. “Larunbatean garaipena lortzen badugu finalerako sailkatzeko pausu erraldoia emango genuke. Baina Bengoetxea eta Untoria ongi funtzionatzen duten bikoa dira. Oinatz bikain dabil, eta Untoria txapelketa handia egiten ari da” nabarmendu zuen etxarrendarrak.

Oinatzek eta Untoriak ere hitz ederrak izan zituzten sakandarrendako. “Sekulako potentziala dute eta Labriten oso eroso jokatzen dute, Zabaletak bereziki. Horrela jokatzen dutenean zaila da eurei aurre egitea” adierazi zuen Oinatzek. “Pentsatzen dut niri erasotzen saiatuko direla Ezkurdiak pilota izateko, baina ahal dudana agoantatzen saiatuko naiz eta ea nik ere zerbait goza dezakedan, Oinatzek pilotak hartu ahal izateko” gaineratu zuen Untoriak.

Zubietak gaur
Berasaluze II.ak eta Ezkurdiak Artola eta Albisuren kontra jokatuko dute igandean, Ogetan. Gaur aukeratuko dituzte pilotak, 11:30ean.