Zazpi ikastetxe publikoren gabeziak salatu dituzte

Guaixe 2015ko api. 7a, 08:50

Nafarroako Gobernuari hezkuntza publikoaren aldeko apustua egiteko eskatu diote, aurrekontua handituz eta lehentasuna eredu publikoari emanez.

Herrikoa guraso elkarteen federazioak eta Sortzenek pasa den asteazkenean hezkuntza publikoko ikastetxeen egoerari buruzko txostena aurkeztu zuten. Nafarroako 231 ikastetxeetatik 50etan gabeziak daudela azaldu zuten erakundeetako ordezkariek. Pasa den urtean baino 20 zentro gehiago daude zerrendan. Herrikoa eta Sortzeneko kideen iritziz horrek argi uzten du “hezkuntzaren publikoaren kalitatea ez dela Hezkuntza Departamentuaren lehentasuna. Krisiarekin murriztu diren baliabideak hezkuntza pribatu-kontzertatuari mesede egiteko erabiltzen du”.

Hezkuntzako bi eragileek alderdiei eskatu zieten “hezkuntza azpiegitura publikoak populazio tamainari eta hazkunde aurreikuspenei egokitzeko” legeak egin ditzatela. Ikastetxe bakoitzean jangela, liburutegia, estalitako patioa, ekitaldi aretoa, irakasle gela, bikoizketetarako gelak eta espezialitateetako gelak egotea eskatu zuten. Gogora ekarri dute legean ez dela hezkuntza dotazio gisa hartzen ez jangela ezta patio estalia ere. Legea aldatzea eskatu zuten: “mantentzeaz udalek arduratu behar badute, baina, aldi berean, aurrekontua murrizten bada…” Bestalde, federazioek hezkuntza azpiegituren ebaluazioan eta inbertsioak non egin zehazterakoan parte hartzea eskatu zuten.

Zerrendatutako arazoak
Biurdana institutua. D ereduan ikasten duten Arakilgo ikasleak hartzen ditu Iruñeko institutuak. Ikasle masifikazioagatik guraso elkarteak aspaldi Iruñea iparralderako institutu berri bat eskatzen ari dira. Kirol pista estalia estali dute. Irurtzungo Udalak, bestalde, herrian DBHko ikasleak hartzeko ikastetxea egiteko lursaila gordea du.

Luis Fuentes eskola. Lakuntzako ikastetxeak gela handiagoak behar ditu eta patioan gune estali bat.

Arbizuko eskola. Geletako bat erdibitzea falta da. Eskola jangela jartzeko aukera.

San Donato eskola. Etxarri Aranazko ikastetxean azpiegituren egoera kaxkarra eta frontoiaren mantentze falta.

Urdiaingo eskola. Haur Hezkuntzako gela bat falta da eta psikomotrizitaterako beste bat falta da.

Zelandi eskola. Patioan gune estali bat eta patioko zorua hobetzea behar du Altsasuko ikastetxeak.

Aralarko Mikel Donea institutua. Altsasuko institutuan edukiera handiagoko ekitaldi gela behar du. IKTetako ekipamendua eguneratzeko premia du.