Bandera eske

Guaixe 2015ko api. 2a, 12:33
Ikurrinaren omenezko ekitaldia egin zuten martxoarne 19an Iturmendin.

Sakanako hainbat udalek Espainiako, Nafarroako eta herriko bandera jartzeko eskatuz Gobernuaren Ordezkaritzaren gutuna jaso dute. Ikurren Legea betearazi nahi dute. Arruazuko Udalak eskaera horri helegitea jarriko dio. Izan ere, udaletxea goi mailako babesa duen eraikin gisa katalogatua dago eta fatxada ezin da ezertarako ukitu.

Iturmendin ez zegoen banderak jartzeko ohiturarik udaletxean, festetan edo egun berezietan ez bada. Gaia aztertzeko martxoaren 16an udalak bilkura berezia egin zuen. Iturmendiko Udalak bando bidez banderak jartzearen kontra zegoela adierazi zien herritarrei, legea “inposatzailea eta antidemokratikoa” dela salatu zuen. Banderak jartzeko epea despeditzen zen egunean, martxoaren 19an, jarri zituen.

Eta harekin batera, Nafarroako bandera eta ikurrina bertako ikurrak direla aldarrikatzen duen pankarta jarri zuten udaleko kideek. Gainera, ikurrinaren aldeko ekitaldia antolatu zuten: aurreskua dantzatu zitzaion eta elkartean zintzilikatu zen. Auzatea ere izan zuten. Bestetik, Urdiainen duela pare bat aste jarri zituzten banderak. Erantzun gisa, urdiaindarrek herrian barna hainbat ikurrina zintzilikatu dituzte.