Mank-ek euskara hutsezko udalekutarako diru-laguntza deialdia egin du

Guaixe 2015ko api. 9a, 09:35
Haurrak Dorraoko jolas parkean.

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak haur eta gaztetxoen artean gure hizkuntzaren erabilera bermatzen duten udalekuko egonaldiengatik diru-laguntzak emanen ditu. Aurtengo udan euskara hutsezko udalekuan 5 eta 15 egun artean emanen duten haur eta gaztetxoen gurasoek eska ditzakete diru-laguntza horiek. Mank-ek horretarako 5.000 euroko diru-saila du bideratuta. Gehienez ere gastuaren erdia ordainduko du Mank-ek.

Gurasoek euren eskabideak egiteko irailaren 30era arte egiteko aukera izanen dute. Eskabidearekin batera honako agiriak aurkeztu behar dira: udalekuan egondako haur edo gaztearen tutorearen nortasun agiria; haurraren edo gaztearen erroldatze agiria, antzinatasuna adierazita; udalekuari buruzko ezaugarriak (iraupena, hizkuntza, egitaraua); udalekuko asistentzia egiaztagiria eta gastu osoa ordaindu izanaren ordainagiria.

Esku-orriak
Euskara Zerbitzuak LHko eta DBHko D ereduko ikasleei uda honetarako antolatu diren euskarazko udalekuei buruzko informazioa jasotzen duen esku-orriak banatu dizkie.