Mank-ek zerbitzuak mantentzeko aurrekontua onartu du

Guaixe 2015ko api. 2a, 08:24

Sakanako Mankomunitateak (Mank) 3.655.765,30 euroko aurrekontua onartu zuen joan den ostegunean egindako bilkuran. Pasa den urtean baino 153.895,52 euro gehiago kudeatuko ditu aurten ibarreko erakundeak. Igoera horren barruan daude, besteak beste, Mank-ek kontu-hartzailea plaza bete izana eta aurten idazkari postua beteko duela.

Aurrekontuak egiterakoan kontuan izan diren irizpideak zein izan diren galdetuta Mank-eko presidente Aitor Karasatorre Muguruzak esan digu: “zerbitzuak mantentzea eta udalen egoera ikusita ordaintzen duten kuota mantentzea izan da helburua. Horretarako, diru-sail guztiak errepasatu ditugu, gastuak optimizatzeko. Gasolioa, argiteria, kreditua eta beste begiratu ditugu”.

Mank-ek 1.069.710,08 euroko zor bizia du eta bere zorpetze maila %4,95ekoa da. Diru sarreren ia erdia, 1.726.545,21 euro, zerga eta bestelakoen bidez lortzen ditu Mank-ek. Gainontzeko 1.870.631,59 euroak udalek Mank-i egindako ekarpenak dira.

Inbertsioak
Kopuru handiena Ur Zerbitzuaren bidez eginen da; guztira 153.100 euro. Haietatik 43.100 euro kontagailuak berritzera bideratuko dira. Beste 42.000 euro ur biltegi eta goiko hornidura sareko azpiegituretarako. Beheko hornidura sarerako 60.000 euro izanen ditu Mank-ek eta informatika sistemarako 8.000 euro izanen dira.

Bestalde, Arbizuko hondakindegian zenbait berrikuntza egin behar dira eta horietarako 9.000 euro aurreikusi ditu Mank-ek. Azkenik, zerbitzu orokorretan, bulegoko altzarietarako eta informatika sistemetarako 1000 eta 6000 euro bideratu dira hurrenez hurren.

Valorg programa
Europako programa horretan Belgika, Eslovakia, Frantzia eta Txipreko parte-hartzaileekin batera ari da Sakana. Ibarra ordezkatu proiektu horretan Mank-ez aparte, Sakanako Garapen Agentzia, Vermican, Kerabi eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa daude.

Hondakinen bilketari eta kudeaketari lotutako enplegu sortzea aurreikusten dute makina bat erakundek. Hala izan dadin merkatuaren eta lanean ari diren enpresekin izan daitezkeen sinergien inguruko azterketa zehatza behar da. Programaren bidez Sakanan konpostatze planta bat jartzeko bideragarritasun azterketa eginen da. Bestetik, hondakinen kudeaketa eta birziklatzea enpresen clusterra martxan jarri nahi da. Azkenik, auzo-konpostaren hobetzea eta sustapenerako programa abiarazi nahi da.

Mank-ek programa aurrera ateratzeko 30.000 euroko ekarpena egin du. Horri Europako Batasunaren 150.000 euro gehitu behar zaizkio. Programa heldu den urteko garagarrilera arte luzatuko da.  

 
Enplegu tailerra
Joan den urtean ukatu eta gero, Nafarroako Gobernuari hondakinen kudeaketari buruzko enplegu tailerra egiteko diru-laguntza eskatu du berriro Mank-ek. Azaroan egin zuen eskaera eta gobernuak erantzuna aurki ematea espero dute Mank-en.