Rosonek bosgarren garaipena eman dio Rural Kutxari

Guaixe 2015ko api. 13a, 10:59

Balentziaga Memoriala irabazi zuen atzo eta Espainiako Kopako 23 urtez azpiko lider berria da

Igandean Espainiako Koparako baliagarria den Balentziaga Memoriala jokatu zen Eibarren, proba ezagun eta prestigiotsua. Rural Kutxa talde amateur sakandarreko Jaime Roson txirrindulariak azken portuan jo zuen erasoa, Ixuan, eta bakarrik iritsi zen helmugara. 21 segundora GSC Blagnac taldeko Romain Campistrous eta 23 segundora Lizarte taldeko antonio Pedrero sartu ziren. Lasterketa irabazteaz gain, Espainiako Kopako 23 urtez azpiko sailkapeneko liderra da Jaime Rosón.

“Balentziaga Memoriala erreferentea da eta oso polita da hemen irabazi izana. Denboraldiko lehen garaipena da, Gorlan bigarrena izan bainitzen, eta pozik nago. Taldeak sekulako lana egin du. Orain lanean jarraitu beharko dugu Espainiako Kopan ahalik eta postu onena lortzeko eta Bidasoako Itzulian lan polita egiten saiatzeko” adierazi zuen Jaime Rosonek.

5 garaipen garailea errepikatu gabe
Rural Kutxako zuzendari Alberto Mazkiaran altsasuarra ere kontentu zegoen. “Bost garaipen daramatzagu eta garailea errepikatu gabe. Horrek taldeaz eta egiten den lanaz asko esaten du. Maila oso altuan gaude eta ziurrenik garaipen gehiago etorriko direla” azaldu du altsasuarrak.