400 mendizale Hiru Mendi Zerretan

Guaixe 2015ko api. 13a, 12:10

Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatuta, larunbatean Hiru Mendi Zerrak mendi ibilaldi luze eta ez lehiakorra burutu zen. 389 mendizalek eman zuten izena bertan aritzeko. Aurten ezin zen probaren egun berberean izena eman, baina hainbat ez ziren konturatu eta nahiz eta izena ez eman, ibilbidea osatu zuten. Azkenean, 400 mendizale pasatxok burutu zuten. Proba Euskal Herriko mendi ibilbide luzeen zirkuituan sartua zegoen, baina aurten ez zuen Nafarroako Zirkuiturako puntuatzen, Ameskoetako Martxa egun berberean jokatzen zelako.

Proba nagusiak 48 km eta 2.700 metroko desnibela zuen, eta bazegoen ere proba laburrago bat egiteko aukera (26 km eta 1.200 metroko desnibela). Hala ere, gehienek, %70-ak, proba luzeena hautatu zuten. Nahiz eta hasieran xiri-miria egin, berehala atertu zuen eta ibiltzeko eguraldi elegantea eskaini zuen egunak. Mendizale batzuk korrikan osatu zuten ibilbidea, 5 ordu ingurutan, baina batez bestekoa 8 ordukoa izan zen.

Hiru Mendi Zerrak Urbasa, Altzania eta Aralar lotu zituen. Hasieran Altsasutik Urdiainera jo zuten mendizaleek, Portuazpitik Urbasara igotzeko. Bargagainera (1.153 m) jo zuten segidan, Gainsolera heldu eta gero Ziordira jaisteko. Bertan otordu ederra zegoen prestatuta. Ondoren Kipular igo eta Orobe, Sorozarreta eta Balankalekuraino jo zuten. Intxusburutik Saraberaino iritsi eta bertatik Altsasuko helmugaraino iritsi ziren mendizaleak.

Ibilbideak paraje zoragarriak zeharkatzen ditu, harizti eta pagadi ederrak. Mendizale gehienek ibilbidearen edertasuna eta antolakuntza bikaina azpimarratu zituzten. Izan ere, ibilbide guztia markatu eta balizatzeko lana handia da, elikadura eta kontrol guneak antolatzearena baita. Baina, tamalez, bada egindako lana zapuzten ahalegintzen dena, Ziordian norbaitek ibilbidea markatzeko zintak kendu eta ibilbidea aldatu baitzuen. “Honek arriskua sortzen du, ibilbidearen orografiagatik norbait galdu ahal delako” nabarmendu zuten antolakuntzatik. Zorionez, ez zen arazorik egon eta beste behin arrakastatsua izan zen Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutako ibilbidea.

Sakanako Ibilaldia, maiatzaren 9an
Aurten maiatzaren 9an izanen da Irurtzungo Iratxo elkarteak antolatutako 26. Sakanako Ibilaldi Handia. Ohi bezala, izena ematen dutenek bi ibilbide izanen dituzte aukeran. Ibilbide luzea, San Donato, San Migel eta Trinitatea ermitak batzen dituena (54 km, 3.300 metroko desnibela), eta ibilaldi laburra (27,5 km, 1.344 metroko desnibela). Izena ematea apirilaren 15etik maiatzaren 6ra arte egin daiteke www.iratxoelkartea.com web gunean.