Etxarri preferente mailara igo da

Guaixe 2015ko api. 13a, 13:44

Liderrak 4-3 irabazi dio Itaroa Huarteri eta mailaz igotzea lortu du. Altsasuri 4-2 irabazi zion Burladesek

Albiste onak utzi ditu erregional mailako 28. jardunaldiak. Liga despeditzeko sei jardunaldiren faltan, Etxarri Aranatz liderrak mailaz igotzeko behar zituen puntuak lortu zituen, Itaroa Huarteri 4-3 irabazi eta gero. Egia esan, berdinketarekin nahikoa zuen Etxarrik, baina San Donato zelaian garaipen polita lortu zuten etxarriarrek.

Baina gauzak ez ziren ongi hasi, 6. minutuan Itoizek Itaroa aurreratu baitzuen. Alainek berdintzea lortu zuen, baina bigarren zatian Itoizek berriro 1 eta 2 aurreratu zuen Itaroa. Etxarriko Javierrek bina berdindu zuen, baina atzera ere Itaroa 2-3 aurreratu zen. Baina liderrak ongi erantzuten jakin zuen eta esperientzia eta ofizioa alde zutela, Javierrek hiruna berdindu zuen eta partida bukaeran Asierrek laugarren gola sartu zuen, garaipenarena. Horrela, preferente mailara igo dira etxarriarrak. Gure zorionik beroenak.

Pozik
“Gaurko eguna oso polita izan da. Gaurko partida irabazi eta matematikoki Preferente mailan gaude! Eskerrak eman behar dizkiegu, lehendabizi jokalariei eta taldea sortzen duten guziei eta baita ere egunero San Donato futbol zelaira gerturatzen zareten guztioi. Denon artean lortu dugu. Aupa Etxarri!” adierazi dute klubetik sare sozialetan.

Altsasu hiru punturik gabe etorri zen
Txanponaren beste aldean, Burladesek 4-2 hartu zuen menpean Altsasu. Partida oso lehiatuan, aukera ederrak izan zituzten bi taldeek. Hirugarren minuturako Burlades aurreratu zen. Altsasuk berdindu ahal izan zuen, bi penalty huts egin baitzituen. Bigarren zatian Nietok berdintzea lortu zuen eta minutu eskasera Gorkak 1-2 aurreratu zuen Altsasu. Baina Burladesek egoerari buelta eman zion eta tarte laburrean hiru gol sartu zituen. Bukaeran, Burlades 4 – Altsasu 2.  

Etxarrik erregional mailako lidergoa sendotu du (65 puntu) eta mailaz igotzea lortu du. Altsasu, aldiz, sailkapenean 9.a da (41 puntu). Asteburuan sailkapenean 12.a den Universidad de Navarraren kontra jokatuko du Etxarrik eta Altsasuk 15.a den Ultzama hartuko du.