Etxeberria eta Aramendia Nafarroako selekzioarekin

Guaixe 2015ko api. 14a, 10:23

Eneko Aramendia Aguraingo helmugara iristean.

Egunotan jokatutako probetan emaitza bikainak lortu dituzte gure txirrindulariak

Igandean, Valladoliden, Federazio Trofeoko lehen lasterketa jokatu zen, Migel Angel Lozano Memoriala. Nafarroako junior mailako selekzioarekin Quesos Albeniz taldeko Asier Etxeberria eta Eneko Aramendia aritu dira. Lasterketan lan ona egin zuten, helmugara tropelean sartu baitziren.

Intersporteko Arbizu 7.a Lizarran
Bestalde, juniorrek 28. Meoki Memoriala jokatu zuten larunbatean Lizarran (70 km). Lizarte taldeko Carlos Ruiz iritsi zen bakarrik helmugara (1:55:30). Aralar klubeko Intersport Irabia taldeko Gorka Arbizu 7.a sartu zen, tropel nagusian, 2:36ra, eta Nestor Baroja taldekidea 17.a, denbora berean. Quesos Albenizeko Juan Alberto Jimenez, 20.a iritsi zen ere tropel nagusi horretan, eta baita Intersport Irabiako Izai Mauleon ere, 23. postuan. Irabiako Javier Lopez 34.a izan zen, 4:34ra, eta Quesos Albenizeko Alex Uncilla 43.a eta Iosu Gabirondo 44.a, biak 5:37ra.

Josu Etxeberria 5.a Atarrabian
Kadeteak, berriz, Atarrabian lehiatu ziren, 15. Beola Motor Trofeoan. Zirauna taldeko Oier Lazkano izan zen garailea (1:35:56). Quesos Albenizeko Josu Etxeberria 5.a sailkatu zen, 3 segundora. Tropela 24 segundora sartu zen. Tartean zeuden Quesos Albenizeko Oihan Vinagre eta Ailetz Lasa, 12.a eta 13.a izan ziren, eta Intersport Irabiako Ander Rosado, 61.a. Quesos Albenizeko Josu Jaka 69.a, 3:25era, eta Irabiako Imanol Galarza 80.a, denbora berean. Quesos Albeniz talde onena izan zen.

Eneko Aramendia garaile Agurainen
Apirilaren 5ean Agurainen jokatutako XL. Sallurtegi Sarian Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Eneko Aramendia iritsi zen bakarrik helmugara (2:08:23), lasterketa bikaina burutu ondoren. Proba, aldi berean, Euskal Herria Torneorako baliagarria zen eta oso gogorra suertatu zen. Txirrindulariak multzoka iritsi ziren helmugara. Quesos Albeniz taldeko Asier Etxeberria laugarrena sartu zen, 11 segundora, eta mendiko saria irabazi zuen. Intersport Irabaiako Izai Mauleon 76.a sartu zen helmugara, 6:18ra, eta bere taldekide Gorka Arbizu 97.a, 7:53era. Quesos Albenizeko Juan Alberto Jimenez 104.a sartu zen, 8:07ra, eta Aritz Irigoien 111.a, 8:41era.