Inori ez litzaioke burutik pasako Nafarroako etxe guztietan guztira zenbat argindar kontsumitzen den kalkulatu, dauden etxebizitzen artean zatitu eta denei tarifa bera kobratzea, bakoitzak zenbat argindar kontsumitu duen kontuan hartu gabe. Edo gauza bera egitea urarekin, imajinatu dezakezue? Zenbateko bera ordaintzea bere igerilekua betetzen duenak eta bakarrik bizi denak. Erokeria dirudi, baina horixe ari da gertatzen gaur egun hondakinen kudeaketarekin.
Hala ere, zenbait herrialdetan ohikoak dira sortzen denaren araberako ordainketa sistemak, alegia, etxe edo denda bakoitzak benetan sortzen duen hondakinen kopurua neurtzeko eta sortutako hondakinen kopuruaren eta motaren araberako tasaren zenbatekoa zehazteko aukera ematen dutenak. Izan ere, sistema horiek hondakinen kopurua murriztea eta birziklatzea ahalbidetzen dute, bai eta “Kutsatzen duenak ordaindu egiten du” printzipioa ezartzea ere. Printzipio hori hondakinen tasan ere erabili daiteke, hondakinak gutxitzeko eta behar bezala bereizteko ahalegina egiten duten herritarrak eta dendak sarituz.
Hala ere, Nafarroako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralak (PIGRN) —aparteko kapitulua merezi du horrek— ez du barne hartzen sortzen denaren araberako ordainketa sistemen sustapena, ez dendetako bilketetan, ezta etxeetakoetan ere. Are gehiago, nahiz eta zenbait mankomunitatek duela urte batzuk behin eta berriro eskatu dugun, Jose Javier Esparza kontseilariak ez du behin ere deitu gaiaz eztabaidatzeko sortu zuen lan-taldea. Sortzea eta desegitea, dena bat izan da.
Gure proposamena da hondakinen kudeaketan zerga-sistema erabiltzea uste dugulako bide egokia izan daitekeela emaitza hobeak lotzeko prebentzioaren arloan eta gaikako bilketaren arloan. Gainera, gure ustez justizia sustatzen duten neurriak dira, ekonomiaren zein ingurumenaren ikuspuntutik begiratuta.
Esaterako, gure herrietan bilketa selektiboa ezarri zen eta hondakin organikoak ehuneko ehunean bereizten dira errefuxatik. Hala, Nafarroako tasarik altuena lortu dugu, Europako herri aurreratuenetan lortutakoarekin parekatu daitekeena (%80ko bilketa selektiboa). Errefusa Tuterara eramaten da, baina bidaltzen den kopurua ez da sortzen denaren erdira ere iristen. Horrek garraioan nahiz tratamenduan aurreztea dakar, baina guk kopuru bera ordaintzen diogu prozesua kudeatzen duen entitateari (Nafarroako Hondakinen Partzuergoa). Zenbat eta kontzientziatuago egon, orduan eta hondakin gutxiago sortu eta tratamenduan gutxiago gastatzen dugu. Hala ere, horren truke ez dugu ezer jasotzen. Kopuruei begiratuz gero, 300.000 euro baino gehiago aurrezten dizkiogu Partzuergoari.
Sakanak eta EHBilduk uste dugu heldu dela garaia eredu hau aldatu eta justuagoa den eredu baten alde egiteko. Beharrezkoa da hondakinen plan berri bat idaztea, Europak aurreikusitako helburu berriak beteko dituena. Bestalde, helburu horiek betetzen dituztenei pizgarriak eman eta betetzen ez dituztenei isuna jarri behar zaie, sortzen denaren araberako sistemak ezarriz. Hondakin organikoak sortzen eta biltzen diren tokitik gertu tratatu behar dira, lurraldean zehar banatutako kostu txikiko planta txikietan. Errefusa erre beharrean geldotu egin behar da, Nafarroan zehar banatutako plantetan, bilketa tokietatik gertu. Iraunkortasun irizpideak (ekonomikoa, soziala eta ingurumenarena) erabiltzeak enplegua sortzen lagunduko du, Greenpeacek Europan egindako txostenak adierazten duen bezala. Txostenaren arabera, 400.000 lanpostu sor daitezke, hondakinak behar bezala kudeatuz gero.
Hondakinen kudeaketan ere beharrezkoa da hainbat aldaketa egitea, eta alternatiba bat badago; beraz, lan egin dezagun guztiok batera hori lortzeko!
Aitor Karasatorre Mugurutza, Ainarara Aiestaran Ijurko, Gurutze Rodriguez Armendariz, Jose Ignacio Bakaikoa Aristorena. Sakanako EHBilduko hautetsiak.