Eguzkia lurraren inguruan itzulika zebilela uste genuen Galileok kontrakoa esan zigun arte. Jira-biran genbiltzan oraindik ere, baina oraingoan gu eguzkiaren inguruan… eta hori esateagatik ia erre zuten! Kontuz ibili behar dugu nor noren inguruan bueltaka dabilen esaten dugunean, sorgintzat hartzen bagaituzte… akabo!
Baina horixe da egia, jira-biraka gabiltzala denok, batzuk egiaren inguruan, beste batzuk gezurrarenean, diruaren jainkoaren morroi.
Txikitan oso gustuko nituen biratzen zuten ateak, eta oraindik ere, noizean behin, holako baten bat aurkitzen dudanean, jolas egiten dut eta buelta osoa ematen dut haur bat banintz bezala. Sartzean presaka egin behar duzu ez baduzu zartako bat jaso nahi azkar-azkar datorren atearen hurrengo hegalarekin. Azken aldi honetan, ordea, beste joko batez hasi da hitz egiten nire txikitako ate birakari guztien memoria onaren kalte.
Oraingoan ez dut parte hartzen, baina jende askoren gustukoa dela ematen du. Jokoaren arauak ere errazak dira: politikaria zaren bitartean enpresa bati (elektrika bati edota banketxe bati, adibidez) izugarrizko boterea eta dirutza ematen diozu; gero, zure politikari egunak bukatzen direnean enpresa, elektrika edota banketxe horretako goi kargudun bilakatzea besterik ez duzu lehen baino aberatsagoa eta ustelduagoa izateko. Txin-txin diruaren hotsa.
Abiadura Handiko Trena, Goi Tentsioko Linea Elektrikoa, Los Arcoseko (korto-) Zirkuitoa, Haustura Hidraulikoa (“Fracking”-a), “Navarra Arena” erraldoi faraoniko zentzurik gabekoa, Nasipa, CAN, kon, Kun-kun… eta bestelako txantxulloak “revolving door” kontzeptuaren frogak dira eta mundu honetan zer lotsa gutxi dagoen erakusten digute.
Hauteskundeak datoz. Behin betikoz noraezean itzulika joateari uzteko garaia izan daiteke. Erregimenekoak txandaka dabiltza, Nafarroako agintean daude betidanik eta orain zu, eta gero ni, guri adarrak jotzen ari dira eten gabe, unibertsoaren lege naturala balitz bezala.
Jose Maria Satrustegik liburu interesgarri bat idatzi zuen 1975ean, Euskaldunen seksu bideak. Balio handiko dokumentu etnografikoa (datuak jasotzen Amaia Oiarbidek eta Enrike Zelaiak laguntza handia eman zioten). Liburuan, sexuaz aparte, gure herrian biraka ibiltzeko ohituraz hitz egiten da zenbait pasartetan; adibidez, Urdiainen tripako mina zeukaten haurrek Santa Engrazia ermitari lau buelta ematen zioten. Uharte-Arakilen, hiru buelta San Bartolomekoari haurrak ongi ibil zitezen. Etxarrin, Andra Mariri bi buelta. Altsasun, lau bider lau (hots, hamasei!) San Juango baselizari, eta ez dakit zertarako. Urbasako Santa Marinari, buelta batzuk senargaia aurkitzeko. Eta guk, zenbat buelta eman beharko ditugu oraindik ere egoera honi buelta emateko?