Berrikuntzari eta teknologia berriei buruzko jardunaldia

Guaixe 2015ko api. 16a, 19:14
Aurretik Cederna-Garalurrek merkataritariei emandako ikastaroa.

Maiatzaren 12an izanen da, Arbizuko Utzuganen. Cederna-Garalurrek turismo arloko enpresei berrikuntzaren ikuspuntu berri bat emateko antolatu du.

Cederna-Garalurrek enpresei zuzendutako sentsibilizazio-jardunaldia da antolatu duena. Antolatzaileek esan dutenez, “ekonomia eredua eraldatzen ari den une honetan, berrikuntza enpresa txikien eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko erronka eta aukera da, aldi berean. Gure asmoa enpresa horien negozioak finkatzen lagunduko duten joera teknologikoei aurrea hartzen eta joera horiek identifikatzen laguntzea da.

Hartan, besteak beste, gai hauek landuko dira: berrikuntza merkataritza-sektorean on line bidezko marketing teknika berrien bitartez, eta bezeroak leial bihurtzea; berrikuntza enpresa txikien kudeaketan; merkataritza digitala; web posizionamendua eta turismo-sektoreari begira, Interneten marka kudeatzea.

Bidelagun elkartearekin batera erabaki zuten Garalurkoek turismo arlora bideratze jardunaldia. Bospasei enpresen teknologia berrien buruzko diagnosia eginen da ere, eta hobetzeko proposamenak eginen dizkiete.

Garalurrek antolatutako jardunaldia Cybersudoe'Innov Europako proiektuaren barruan dago. Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) finantzaketa du, Interreg IVB SUDOE programaren bitartez. Proiektuan Frantzia, Espainia, Portugal eta Nafarroako zazpi erakundek parte hartzen dute. Garalurrek jardunaldi horretaz aparte, dozena bat proiektu teknologiko berritzaile martxan jarri eta horien jarraipena egitea aurreikusi du beste hainbeste enpresatan. Haietako bat Europa mailako lehiaketa batean parte hartzeko aukera izanen du.

Izen ematea
948 567 010 telefono-zenbakira hots eginez, edo idatzi sakana@cederna.es helbidera idatziz.

Praktika onak
Ibarreko sei landetxek zerbitzu egokia emateko Garalurrekin Praktika Onen izendapena eskuratzeko saioak hasiko dituzte astelehenean.