Nafarroako Gobernuak 35.000 euro bideratu ditu 2015erako mendi ibilbideen sarea mantentzeko

Guaixe 2015ko api. 17a, 13:30

Azken hiru urteetan ez du diru-laguntzarik eman eta Nafarroako Mendi Federazioak egin behar izan ditu lanak, bere ahalmenen gainetik

Nafarroako Gobernuak asteazkeneko sesioan erabaki zuen Nafarroako Mendi Federazioari 35.000 euro bideratzea, 2015ean Nafarroako mendi ibilbideen sareko mantenu lanak egin ditzan, eta horrekin batera markatze, homologatze eta beharra duten ibilbideen hobetze lanak egin ditzan. Nafarroan 4 Ibilbide Luze (GR 12, GR11, GR 20 eta GR 220) daude, ia 800 km osatzen dituztenak. Gobernuak zehaztu duenez, mantentze lanak GR-11, GR-12, GR-20 ibilbideetan eta mugaz gaindiko ondoko ibilbideetan eginen dira: GR-220 eta GRT-3, GRT-4, GRT-5, GRT-6, GRT-7, GRT-8, GRT-9, GRT-10, GRT-11, GRT-12 eta GRT-13.

Azken hiru urtetan diru-laguntzarik gabe
2008 eta 2011 urte bitartean Nafarroako Gobernuak 420.000 euro inguruko inberrsioa egin zuen mendi ibilbide sarea errekuperatzeko eta markatzeko. Nafarroako Mendi Federazioak egin zituen lanak, 180 boluntarioei esker. Nafarroako Gobernuak aurretik zaindu eta mantendu ez izanagatik sarea ia berritu egin behar izan zela salatu zuten orduan hainbat eragilek.

2011ko 197/2011 Foru Dekretuak erabilera publikoko kirol ibilbideen sorrera eta mantentzea erregulatu zituen. Nafarroako Gobernuak ibilbideak erregistratu eta baimendu behar ditu, hau da, Nafarroako Ibilbideen Sareko sustatzailea da Gobernua, eta Nafarroako Mendi Federazioak mantentze lanak egiteko ardura du. Azken 3 urteetan Nafarroako Mendi Federazioak ez du diru-laguntzarik jaso eta federazioa eta bere 180 boluntarioak izan dira lan horren kostua bere gain hartu dutenak. Federazioak behin eta berriz salatu du egoera “delikatua” dela, ezin zuelako gastu hau bere gain hartu, eta ibilbideei homologazioa kentzea ere egon da mahai gainean. Horrela, gaia Parlamentura iritsi zen ilbeltzaren 16an, eta oposizioak gertatutakoa gogor salatu zuen eta federazioak aurreratutako dirua itzuli eta diru-laguntza horiek emateko exijitu zion Iñigo Alli Mendi kontseilariari.

Gobernuak ez du azken hiru urtetan eman ez dituen laguntzak emango. Hau da, soilik 2015 urterako dirua emango du, 35.000 euro.