Kirol eta kultura arlotik Anaitasunara joateko deia

Guaixe 2015ko api. 21a, 10:37
Kiroleko eta kultur arloko eragileek larunbateko Anaitasunako ekitaldira joateko deia egin dute.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Iruñeko Anaitasuna kiroldegian ekitaldia antolatu du larunbatean, 18:30ean.

Iruñeko Foruen monumentuaren ondoan kirol eta kultur arloan aritzen diren makina bat nafar  elkartu ziren atzo “Nafarroan euskaraz bizitzen jarraitu nahi dugula” aldarrikatzeko. Izan ere, Osasunbidean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, oinarrizko irakaskuntzan eta beste hainbat eta hainbat arlotan Nafarroan gaur egun euskaraz aritzea ezinezkoa dela adierazi zuten. Baita zailtasunei aurre eginez euskaldungoa euskaraz bizitzeko bidea egiten ari dela.

Nabarmendu zutenez, “UPNren zoritxarreko garaian, gure hizkuntzaren kontrako eraso politikoa biziki areagotu da”. Eta Koldo Mitxelenaren hitzak gogora ekarri zituzten: gaur egun benetako misterioa euskararen biziraupena da, ez bere jatorria. Horregatik, atzo Iruñean bildutako euskaltzaleek “ozen” adierazi zuten “hizkuntza-politiketan aldaketa behar dugula: errotik eta urgentziaz. Bestela, ez da aldaketarik izanen Nafarroan”.

Aldi berean, larunbatean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 18:30ean Anaitasunan eginen duen ekitaldiarekin bat egin zuten, “eta herritarrak mugarri izanen den egun horretan parte hartzera deitzen ditugu”.

Agerraldian egon ziren: Julio Soto bertsolaria, Jon Barberena bertsolaria, Juan Kruz Lakasta irrati esataria, Peio Martinez de Eulate pilotari ohia, Castillo Suarez idazlea, Aitor Txarterina, Sergio Labayen kazetaria, Mikel Taberna idazlea, Ritxar Sanzol futbol jokalari ohia, Jon Alonso idazlea, Inma Errea itzultzaile eta idazlea, Oier Sanjurjo Osasunako jokalaria, Anabel Arraiza aurkezlea eta Irrien laguna, Xanti Begiristain eta Jose Miguel Lana NUPeko irakaslea.

Gaurko deialdia
Anaitasunako ekitaldira deitzeko Sakanako euskarazaleei dei egin zaie, gaur 18:30ean, Etxarri Aranazko kultur etxeko terrazara joateko. Talde argazkia eginen da, sakandarrak larunbateko ekitaldira joateko animatuz.

Autobusez Anaitasunara
Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Anaitasunara autobusez joateko aukera eman du. Autobusa Ziorditik 16:30ean abiatuko litzateke. Izena eman nahi duenak biharko 14:00ak arteko epea du euskara@sakana-mank.com helbidean edo 948 464 840 telefonoan izena emateko.