Preso eta iheslarien eskubideen alde presio soziala areagotzera deitu dute

Guaixe 2015ko api. 21a, 15:48

Sareren iritziz “presio politiko eta soziala jasanezin bihurtu behar zaio Madrilgo Gobernuari, immobilismoaren bakardadea sentiarazi behar diogu, eta, presioaren presioaz, konponbidearen atea irekiko duen giltzak berak erre egin behar dio eskuan”. 

Adin eta pentsaera ezberdineko 800 pertsona baino gehiago elkartu ziren larunbatean Sarek deitutako manifestazioan. Euskal preso eta iheslari politikoak etxean nahi zituztela adierazi zuten guztiek. Bide horretan, Sarekideen iritziz, “lehen pausoa beren legedia betearaztea izan behar da, eritasun larriak eta zigorra beteta dituzten presoak aske utzi, eta beste guztiak lehenbailehen Euskal Herriko espetxeetara ekar ditzaten”.

Aitortu zuten “nazioarteko presioari eta presio politikoari esker Estatu Espainiarraren harresi monolitiko horretan pitzadura nabarmenak sortzen hasiak dira, bereziki epaile eta politikoen artean”. Baina hori nahikoa ez dela eta hartu beharreko erabakiak azkartuko dituzten  ekimenak abiatzeko garaia” dela nabarmendu zuten Saretik. Horregatik, “presio soziala areagotu beharra” nabarmendu zuten: “gu asko gara baina ez nahikoa; izan ere, beste sektore eta ideologia batzuetako jendea eta erakundeak erakarriz, dispertsioaren aurkako Sarea zabaldu behar dugu. Ezinbestekoa da konpromisoak hartzea”.

Ibilbidean
Sakabanaketaren arriskuez ohartarazten zuen istripua izandako auto txikitu bat ikusteko aukera izan zuten manifestariek. Osasun etxearen parean jarritako kartelen bidez gaixo dauden presoen egoeraren berri eman zitzaien manifestariei. Presoen senideen ibilbidearen puntu batean jarri ziren eta manifestarien txaloak jaso zituzten. Megafoniak gogora ekarri zuen euren senide presoak bisitatzeko sakandarrek astero egin behar dituzten 10.000 km-ak.

Navalcarneron preso dagoen Fran Baldaren gutuna irakurri zuen haren alabak. Sakabanaketarekin bukatzea lehen lana dela nabarmendu zuen preso arbizuarrak, gogoraraziz Euskal Herrian gehiengoa horren alde dagoela. Bide horretan lanean segitzea animatu zituen bildutakoak.