Andra Mari eta Iñigo Aritza Nafarroako Lauko Txapelketan

Guaixe 2015ko api. 22a, 13:55

Larunbatean lehen jardunaldia jokatu zuten Berriozarren

Asteburuan hasi zen Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako Nafarroako 4x4 Sokatira Txapelketa. Lau tiratzailez osatutako taldeak lehiatzen ari dira, hiru mailatan: gizonezkoetan (320 kilo, 7 talde), kadeteetan (280 kilo, 7 talde) eta emakumezkoetan (255 kilo, 3 talde). Gizonezkoetan eta emakumezkoetan ez dugu ordezkari sakandarrik, tamalez. Talde sakandarrak kadeteen mailan lehiatzen ari dira, Andra Mari eta Iñigo Aritza taldeak, hain zuzen.
Lehen jardunaldia larunbatean jokatu zen Berriozarren, bigarrena larunbatean jokatuko da Larraitzarren, 18:00etan, hirugarrena Beteluk hartuko du, maiatzaren 9an, eta azkeneko jardunaldia Etxarri Aranatzen jokatuko da, maiatzaren 16an.

Lehen jardunaldian, kadeteen mailan, Ultzama A izan zen onena (7 puntu), Berriozar A (6 puntu) eta Andra Mari (5 puntu) taldeen aurretik. Atzetik sailkatu ziren Araxes (4 puntu), Iñigo Aritza (3 puntu), Ultzama B (2 puntu) eta Berriozar B (puntu 1).