Euskaraz bizi nahi dugun herritarrok ez dugu horretarako aukera izaten nahi dugun guztietan. Nire eguneroko bizitza baldintzatzen duten oztopoak aurkitzen ditut maiz:
Etxarri Aranazko Emakumeari Laguntzeko Zentrora deitu nuen aurrekoan; nik euskaraz egin eta gaztelaniaz egiteko eskatu zidaten.
Nafarroako Zerga Ogasuneko bulegoetara joan nintzenean, ez sarrerako informazio-mahaiko langilearekin, ez ondoren txanda hartutakoan egokitu zitzaidan langilearekin, ezin izan nuen euskaraz aritu. Euskaraz idatzi nuen erreklamazioari erantzunez, gaztelaniaz jaso dut jakinarazpena.
Erosketak egiten ditudan supermerkatuan produktuen gaineko informazioa eta prezioak gaztelania hutsez ageri dira eta postontzian utzi zidaten Decathlonen publizitatean ez dago euskararen arrastorik ere.
Zinemara joan nintzenean eman zidaten txartelaren atzealdean ageri den informazio guztia gaztelania hutsean zegoen. Aurreko egunean bazkaldu nuen jatetxean, berriz, menua zen gaztelania hutsean zegoena.
Nire telefono konpainiarekin euskaraz aritzeko modurik ez dago eta, Gasteizera joateko atera nuen bidaia-txartela, gaztelania hutsean eman zidan RENFEk…
Seguru irakurtzen ari zaren horrek, zerrenda luzatzeko moduko bizipenak dituzula.
Testuinguru honetan, zailtasunen gainetik, irtenbideak bilatzen saiatzen naiz. Lorea Agirrek zioen moduan, euskara, erabiltzen dudanean egiten dudalako nire. Euskaraz bizitzeko nahiak dimentsio pertsonala eta kolektiboa duelako, eskubidea dugulako, nire/gure nahia errealitate bihurtzeko urratsak eman daitezen eskatzera, ilusioari bultzada eman eta konpartitzera joango naiz aNAHItasunara. Nire bizitzaren protagonista izan nahi dudalako.