2013. urtean gure anaia Javi Paniagua sistemak erail zuen, duela gutxi Miren Peñarekin gertatu zen bezala. Horregatik Javi Paniaguaren senideok, gure elkartasuna adierazi nahi diogu Miren Peñaren senitartekoei.
Mirenekin gertatutakoa oso gogorra izan da guretako. Berriro ere gure anaia, guraso, aitona Javi Paniaguak kaleratua izan zenean gertatutakoa bizi izatera iritsi garelako.
Javiren kaleratzearen inguruan gertatutakoak antza handia du Mirenen kaleratzearen inguruan gertatutakoarekin. Ain izan dira berdinak, ze bi istorio hauetako protagonista batzuk errepikatu egiten diren, ondoren azalduko dugun bezala.
Javi Paniagua lehenengo aldiz 2011n izan zen kaleratua, EEE hartako akordioan jaso zen kaleratuek urtebete igaro ondoren enpresan sartzeko aukera izango zutela. EEE hura enpresa komiteko gehiengoak sinatu zuen LAB sindikatuak ezik. Akordio hartan jasotzen zen kaleratuak beste EEE batzuen aurrean azkenekoak izango zirela, langabezia laguntza bukatzear izango zutelako.
Urtebete beranduago Javi Paniagua berriro sartu zen enpresan, langabezia laguntzaren zati handi bat kontsumituta. 2013ko apirilean kaleratu zuten Javi beste lankide batzuekin batera. Orduan kaleratzeen oinarri ideologikoa salatu genuen, kaleratuen %90 inguru UGT sindikatuarekin zerikusirik ez zuten pertsonak zirela. Gure anaiak kaleratzeen kontra aktiboki lan egin zuen eta LAB sindikatuaren zerrendatan parte hartu zuen.
Kontuan izan behar dugu komitearen gehiengoak sinatutako akordioak jasotzen zuela urte baterako enpresatik kaleratuak izan zirenak azkenak izanen zirela beste EEE batzuen aurrean (gutxienez kaleratuei horrela saldu zieten kontua). Kasu honetan akordioa ez zen bete eta Javik kalean bukatu zuen langabeziaren laguntza bukatzear zuela.
Sodenak, SUNSUNDEGUI enpresako kudeatzaile izendatutako Jose Ignacio Murillo eta Lorenzo Rios MCA-UGT sindikatuko arduraduna, izan ziren langileak mehatxatu eta beldurtu zituztenak enpresaren itxieraren mamua erabiliz batzar ezberdinetan. Ez bata ez beste ez ziren enpresan langileen ordezkari legalak. Bi pertsona hauek egin zuten akordioaren bitartez ordura arte Sodenarena zen enpresa Jose Ignacio Murillorendako izatera pasatu zen. Gogoratu dezagun enpresa hau SODENAk erreskatatu zuela 36 milioi inguruko diru publikoa erabiliz eta akordio honen bitartez egungo zuzendaritzak akzioen %51 lortu zuela. Langileak aldiz akzioen %49arekin geratu ziren.
Kaleratzeak izan eta denbora gutxira, enpresan kontratazio berriak egiten hasi ziren; 50 kontratu ETT bidez UGTtik hurbil bizi den jendeari, UGTko ordezkariak enpresan ardura berriekin saritu…. Kontratazio berriak baldintza kaxkarragoetan ez ezik, ordu estrak ohikoak bilakatu dira enpresan, lan ikuskaritzan egin diren salaketa ezberdinek adierazten duten bezala.
Horregatik guztiagatik uste dugu ez zegoela beharrik Javi eta beste langileak kaleratzeko. Kaleratzeak arbitrarioak eta iruzur bat izan ziren. Miren Peñaren kasuan bezala gure anaiaren kasuan ere, diskriminazioa egon zela uste dugu.
Egun haietan Lorenzo Rios jauna hainbatetan agertu zen komunikabideen aurrean, Sunsundeguin arduraz jokatu zuela adierazteko. Guk galdera bat luzatu nahi diogu, zer da arduraz jokatzea? Arduraz jokatzea kaleratuak izan diren langileak, langile prekarioez ordezkatzea da? Langabetuek etxea galtzen duten honetan edota askok elikagai bankura joaten diren honetan ordu estrak hedatzea arduraz jokatzea da? Zuen ardura Nafarroako langile askoren miseria bilakatu da.
Gure anaiaren kaleratzetik bi urte pasako diren honetan oso gogorra egin zaigu Miren Peñaren heriotzaren berri izateak. Berriro ere gure anaiarekin bizitakoa aireratu duelako. Beraz lerro hauetatik besarkada bat helarazi nahi diogu Miren Peñaren senitarteko eta lagunei. Aldi berean salatu beharra dugu, kaleratzeen atzean txikitzen diren bizi proiektu asko daudela, familiak daudela. Javi eta Miren sistema honek erail ditu, euren delitu bakarra elkartasunez jokatzea eta euren eskubideak defendatzea izan da.
Javi eta Miren Gogoan.