Udalak maiatzaren 24an berrituko dira. Alderdiek herrietako hauteskunde lehian parte hartuko duten behin-behineko zerrendak aurkeztu dituzte dagoeneko. 15 udal berritzeko 34 zerrenda aurkeztu dira, duela lau urte baino bat gehiago.
Genero ikuspegia
Udal hauteskundetara aurkeztutako zerrendetan 358 pertsona aurkeztu dira, aurrekoetan baino 16 gehiago. Haietatik gizonezkoak 223 (%62,29; aurrekoan baino 5 gehiago) dira eta emakumezkoak 135 (%37,71; aurrekoan baino 11 gehiago). Genero aldetik duela lau urteko portzentajeak mantentzen dira.
Bestalde, 34 zerrendetatik 25en alkate-gaia gizonezkoa da (%73,53; duela lau urte baino 2 gehiago). Maiatzerako 9 alkate-gai emakumezko aurkeztuko dira (26,47; aurrekoan baino bat gutxiago).
Udalak
Ibarreko zazpi herrietan zerrenda bakarra aurkeztu da udal hauteskundetan. Hala, Lakuntzak, Arbizuk, Bakaikuk, Iturmendik eta Urdiainek EH Bilduko alkateak izanen dituzte. Bestalde, Irañeta eta Arruazun hautagaitza independenteetako kide bat izanen da alkatea. Bi herriek 101 eta 250 biztanle artean dituztenez zerrendako bost pertsonari eman diezaiekete botoa alkatea aukeratzeko.
Gainontzeko udaletan ordezkaritza lortzeko lehia egonen da. Hautagaitza gehien dituen herria Altsasu da, zazpi (bat gehiago). Irurtzunen bost zerrenda neurtuko dira (bat gehiago). Olatzagutian lau izanen dira (bat gehiago). Uharte Arakilen hiru (bat gehiago). Bina zerrenda izanen dira Arakilen, Ergoienan, Etxarri Aranatzen (bat gutxiago) eta Ziordian. Duela lau urte 14 udal maiatzean berritu ziren, Iturmendikoa udazkeneko deialdian berritu baitzen.
Alderdiak herrika
Bildu (12) Arakil, Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia.
Independenteak (6) Arakil, Irurtzun, Irañeta, Arruazu eta Ergoiena (2).
PP (5) Irurtzun, Uharte Arakil, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olatzagutia.
UPN (4) Irurtzun, Uharte Arakil, Altsasu eta Olatzagutia.
PSN (3) Irurtzun, Altsasu eta Olatzagutia.
Geroa Bai (2) Altsasu eta Ziordia.
I-E (1) Altsasu.
Ahal Dugu-tik eratorriak (1) Altsasu
Bitxikeriak
Legegintzaldi honetan alkate izan direnetatik lau aurkeztu dira alkate-gai: Ruben Goñi Urroz (Arakil), Pello Betelu Ganboa (Arruazu), Victoriano Gabirondo Lanz (Iturmendi) eta Gurutze Rodriguez Armendariz (Olatzagutia).
Bestalde, UPNren bi zerrendetan erregionalisten hainbat izen ezagun agertzen dira. Altsasun Alberto Catalan Higueras, Ignacio Igea Sainz eta Carlos Casimiro Salvador Armendariz. Olatzagutian, berriz, Luis Zarraluki Ortigosa, Maria Kutz Peironcely, Carlos García Adanero eta Juan Luis Sánchez de Muniain Lacasia.