Etxarri jaun eta jabe: 11 gol sartu zizkion Mutilberari

Guaixe 2015ko api. 27a, 15:18
Etxarri preferentera igo da eta lidergoa mantentzen segitzen du.

Preferente maila. 30. jardunaldia Etxarri Aranatz 11 – Mutilbera 0 / Mendillorri 2 – Altsasu 2

Etxarri Aranatz liderrak garaipen potoloa lortu zuen, larunbatean, sailkapenaren behenean dagoen Mutilberaren kontra. Etxarri hasieratik bukaeraraino izan zen nagusi, eta nabarmentzekoa da, ere, Mutilberakoen jarrera. Nahiz eta golak batak bestearen atzetik etorri, Mutilberakoek ez zuten hitz edo jokaldi txarrik izan. Unai, Asier, Pablo eta Xabaten golei esker atsedenaldira aldeko lau golen errentarekin joan zen Etxarri. Bigarren zatian gol festak jarraitu zuen: Mikel (2), Xabat (2), Asier, Alain eta Pablo izan ziren Mutilberaren atean asmatu zutenak. Xabatek hat tricka lortu zuen.

Altsasuk berdindu
Bestalde, Iruñean bina berdindu zuten Mendillorrik eta Altsasuk. Bi taldeak paretsu ibili ziren. Mendillorrik gol aukera dezente izan zituen baina kosta egin zitzaien baloia altsasuarren atean sartzea. Bigarren zatia hasi bezain pronto Altsasu aurreratu zen markagailuan, Joelek sartutako golari esker. Mendillorrik berdintzea lortu zuen eta atzera ere Altsasu aurreratu zen, Darlinen golari esker. Baina Mendillorrik berdintzea lortu zuen eta puntu banaketarakin despeditu zen lehia.

Etxarri liderrak (71 puntu) 8 puntu ateratzen dizkio Arrotxapeari. Asteburuan Altsasu eta Etxarri Aranatzen arteko derbya jokatuko da Dantzalekun. Ea puntuak nola banatzen diren.