Eskaladan murgiltzeko ikastaroa antolatu du Mank-ek

Guaixe 2015ko api. 28a, 09:18
Ion Gurutz Lazkoz izango da monitorea.

Ion Gurutz Lazkozen begiradapean haitzean eskalatzeko oinarrizko ezagupenak jasoko dituzte izena ematen dutenek

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak haitz-eskalada ikastaroa antolatu du maiatzaren 15ean, 16an eta 17an, 8 urtetik gorakoendako. Hastapeneko ikastaroa izanen da, eta helburua haitzean eskalatzeko oinarrizko ezagupen eta teknikak lortzea da. Ion Gurutz Lazkoz Martinez eskalatzaile eta ekipatzaile arbizuarra izango da monitorea.

Mankomunitateak aurretik eskalada ikastaroak antolatu ditu, arrakasta handiz. Horregatik animatu da beste bat antolatzera. Maiatzeko ikastaroari dagokionez, ostiralean, 18:00etatik 20:00etara Sakanako Mankomunitateko egoitzan bilduko dira, Lakuntzan, klase teorikoa egiteko. Larunbata eta igandean, berriz, 10:00etatik 17:00etara gauzatuko da ikastaro praktikoa. Hitzordua Mankomunitatean jarriko dute eta bertatik kotxeak antolatuko dira eskalatu beharreko tokira joateko. Norberak eguneko bazkaria eraman beharko du.

Ikasleek ondoko materiala eraman beharko dute: arnesa, katuak eta kaskoa. Ezinezkoa bada, antolakuntzak utziko ditu.

Izena ematea
Maiatzaren 13ra arte, Mank-en (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.com). Prezioa: 39 euro.