Azkenaldian, batek baino gehiagok galdetu dit Gestalt izeneko terapia hau zertan datza, izena nahiko ezaguna egiten zaie, baina ez dakite zertan oinarritzen den eta artikulu hau gai honi buruz idaztea bururatu zait.
Hasteko, psikoterapia egiteko modu bat izateaz gain, garapen pertsonalerako bide edo tresna bat ere badela esan nahiko nuke. Pertsonaren osotasuna kontuan hartzen du, bere alderdi ezberdinetan: gorputza, emozioa eta adimena eta alderdi hauen integrazioaren alde lan egiten du.
Aurreko mendearen erdialdean sortu zen Fritz eta Laura Perlsen eskutik, eta eragin ezberdin ugari uztartzen ditu, hala nola, Gestalt psikologia, pentsamendu fenomenologikoa eta existentziala, psikoanalisia, Wilhem Reich eta honek gorputzarekin egindako lana, antzerkia eta psikodrama, meditazioa… Psikologia humanista deituriko korrontearen barruan kokatzen da.
Bere helburuetako bat, pertsonaren benetakotasunera iristea da eta terapia bat izateaz gain, bizitzeko jarrera bat ere bada.
Terapia mota honek oinarri ezberdinak ditu, eta batzuk aipatuko ditut labur-labur:
- Hemen eta oraina, momentuko esperientzia eta bizipenetik arreta nola galtzen dugun lantzen da.
- Konturatzearen edo kontzientzia hartzearen garrantzia. Konturatzea bai gure barrenean bai gure ingurunean gertatzen denaz ohartzeko gaitasuna da, eta, terapia honen bidez, gaitasun hori areagotzea bilatzen da.
- Nork bere ardura hartzea.
- Esperientziaren bizipena hobesten du (mingarria izan daitekeena saihestea baino hobe)
- Organismoak bere oreka bilatzeko daukan jakiturian konfiantza du.