Ugatza irrati transmisorearekin

Guaixe 2015ko mai. 3a, 16:57

Haren ohiturak ezagutu eta desagertzeko zorian dagoen espezie hori kontserbatzeko neurriak hartzea da helburua.

Nafarroako Gobernuaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker Aralarko mendilerroan bizi den ugatzetako bat harrapatu eta irrati-ekipo bat jarri diote, motxila antzeko GPS/eguzki igorle bat. Kiriku izena duen ugatzak, eta irrati-jarraitzaile horrekin, Nafarroako eta Gipuzkoako basozainek egindako monitorizazio bisualarekin batera, non larreratzen den jakinen da, eta Aralar inguruan ugatzak zer gune erabiltzen duen. Horri esker, espeziearen kontserbazio eta kudeaketako neurri berriak hartu ahal izanen dira Pirinioen mendebaldean.

Igorlea hasi da egunero seinaleak bidaltzen GPSan duen kokapena adieraziz, altuera, hegaldiaren abiadura, ibilbidea eta abarrekin. Datu horiekin, proiektuko arduradunek espero dute pare bat denboralditan larraldi-eremua zein duen zehazki ezagutzea, elikatzeko dituen guneak jakitea, bai eta Aralarren ingurunean ugatzak egindako joan-etorriak ere.

Kiriku 2006. urtean Arbaiun inguruan sortutako arra da, eta lau urte baino gehiago daramatza Aralar inguruan. 9 urte betetzeko zorian dago, heldutasunera iritsi da, eta datozen denboraldietan ugalketari heltzeko moduan izanen da. Hegazti heldu horien itxurari dagokionez, luma zuriak dituzte buruan eta kolore gorri bizia begiaren esklerotidan.

Aralar, berreskuratze-lanetan erreferentzia
Aralarko mendilerroa Pirinioetan mendebalderago dagoen ugatzaren lurraldea da eta, beraz, espeziea berreskuratzeko eta Kantauri aldera zabaltzeko erreferentzia da.

Ugatza (Gypaëtus barbatus L.) putrearen aldaera bat da, animalien hilotzen hezurrak eta kartilagoak jaten ditu. Garai historikoetan penintsulako mendialde guztia hartu zuen. XIX. mendetik aurrera, atzeraldi-prozesu batean sartu zen, gaur arte pixkanaka bizitu zena; hala, egun espeziea Pirinioetara mugatzen da.

Nafarroan atzeraldi-prozesu bat izan du, Pirinioetako gainerako lekuetan gertatukoaren antzera. Pirinioetako ibarretan sakabanatuta dauden ugatz gazteen populazio bat dago eta, aldian behin, mendiko beste eremu batzuetara joaten dira. Bost bikote heldu daude Foru Komunitatean (hamar hegazti, guztira), baina ez dute guztiek urtero habiak egiten. Hazkuntza-eremu hori Pirinioetako populazioaren gune mendebalena da.