Nafarroako Gobernua ibarreko garapenean inplikatzeko ahaleginean segitzera

Guaixe 2015ko mai. 1a, 10:03

Sakanako Plan Estrategikoa garatzeko foru administrazioaren parte hartzea bilatzen segituko da aurten. Joan den urtean lantzen hasitako ildoei segida emanen diete.

Legegintzaldia bukatu arte, azken unera arte saiatuko dira. Eta, bestela, Nafarroako Gobernu berriarekin ahaleginduko dira Sakanako Sozioekonomia Behatokiko kideak. Sakanako Plan Estrategikoa (SPE) behar bezala garatzeko Nafarroako Gobernuaren parte hartzea ezinbesteko jo dute. “Foru administrazioarekin elkartu eta SPE aurrera egiteko hark zer nolako parte hartzea izan dezakeen, elkarlan protokoloa eta eman ditzakeen baliabideak zehazteko negoziazioa da aurten Behatokiak egin nahi duena. “Azken finean, Parlamentuak eskatu diona betetzea”, laburbildu du Iker Manterola garapen agenteak. “Baliabideak izanda plana azkarrago gauzatuko litzateke”.

Sakanako Sozioekonomia Behatokiak horixe adostu zuen apirilaren 20an egindako bileran. Aldi berean, Behatokiak joan den urtean SPE garatzeko Cederna-Garalurrek eta Sakanako Garapen Agentziak egindako lanak ontzat jo zituen. Garalurrek bere gain hartu du ekintzailetasuna Sakanan sustatzeko ardura. Horretan sakondu du ekintzaileei arreta eskainiz eta hezkuntza arloan ekintzailetasunaren sustapena eginez.

Sakanako Garapen Agentziak, bestalde, lau ildo eta bi zeharkako landu zituen. Turismo arloko ekimen publiko eta pribatuen arteko sinergiak sortzeko lan egin zuten. Eta Bidelagun elkartea emaitza nabarmenena izan zen. Energiaren arloko ikerketak abiatu ziren. Bestetik, Sakanako industriaren gaitasun teknologikoaren ikerketa egiten ari dira, horrek etorkizunean lantegien artean elkarlan eta berrikuntza aukerak eman ditzakeelako, baita etorkizunerako dituzten beharrak definitu ditzakeelako ere. Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkartearen sorreran laguntza eman zutela aipatu zen bileran. Elikadura arloan, azkenik, tokiko azoken indartzea eta herri baratzen langintza aipatu ziren. Azkenik, ibarreko ondareak eskaintzen dituen baliabideak hezkuntzan nola erabili aztertzen hasiak dira.

Mendialderako garapen lokaleko estrategia
Europak Landa Garapenerako Proiektuak sustatzen eta diruz hornitzen ditu. Nafarroak bere Landa Garapenerako Proiektua egin beharra du, eta hori eskualdeka garatzen ari da. Nafarroako Mendialdea garapen lokaleko estrategia gauzatzea Cederna-Garalurren ardura da. Mendialdeko estrategia horri Garalurrek ibarreko garapenaren norabidea zehazten duen Sakanako Plan Estrategikoa gehitu dio.

Susana Mendinuetak azaldu digunez, martxoaren 23an egindako bileran jarduera ildo nagusien gaineko bilera egin zen. “Estrategia garilean edo aurkeztuko diogu Nafarroako Gobernuari. Ondoren ildo horiek garatzeko ekimen zehatzak zerrendatu beharko dira”. Gauzak ongi Nafarroako Landa Garapeneko Proiektua heldu den urtean indarrean izanen da, 2020ra arte. Helburua Nafarroako Mendialdea “lurralde lehiakorragoa, berritzaileagoa, ekonomikoki eta ingurumenerako iraunkorragoa eta berdintasun printzipioekin adeitsuagoa izatea da”.