Lau maiatz jasoko dira

Guaixe 2015ko mai. 1a, 11:37

Hostoa haitz gainean dagoela, azienda mendira igotzeko garaia iragartzen duten maiatzak jasotzeko eguna iritsi da. Sakanako lau herritan hartuko dute lan hori maiatzaren lehen egunean.

Etxarriarrak pago enborra Hartzabalen zutitzeko lanari 12:30 aldera ekinen diote. Ordurako bakaikuarrek euren lana despedituta izanen dute, eguerdian hasten baitira mendi gainean maiatza jasotzeko langintzan. Iturmendiarrek, berriz, herriko plazan jasoko dute 20 metro luze inguru izanen duen pago enbor handia. 18:00etan jarria dute hitzordua. Asteburuan kintoak haren bila joan ziren. Jasotzeko azala kenduko diote. Hilabetea plazan eman ondoren bota eta ateratzen den egurraren dirua kintoendako izanen da.

Aldaketak Ziordian
2000. urtean berreskuratu zuten maiatza jartzeko ohitura Ziordian. 2007ra arte, etenik gabe, herrian jarri zuten maiatza. Ondorengo urteetan ez da jarraipenik izan udalaren eta herritarren arteko iritzi ezberdinak zirela eta. Hala ere, urtero Ziordia Bizirik ekimenak ekitaldiren bat antolatu izan du, sinbolikoa bada ere.

Aurten erabateko aldaketa izanen da, maiatza barga gainean jarriko baitute. Ziordia Bizirik-ek herritarrak 9:00etarako deitu ditu. Bargara igo eta eguerdian maiatza igotzen hasi nahi dute. Hango lanak despeditu ondoren, herrira jaitsi eta txipudegian txikienek maiatza txikia jasoko dute. Egitaraua osatzeko herri bazkaria izanen da, eguraldi ona badago txipudian eginen dena, eta bestela elkartean.