Bide Berdeen eguneko ibilaldi bat Etxeberritik abiatuko da

Guaixe 2015ko mai. 1a, 11:55

Igandean, 10:00etan Etxeberriko frontoitik Lekunberrira arteko 15 km-ak Plazaola ibilbidean barna egiteko gonbitea luzatu dute 

Plazaola Turismo Partzuergoak, Lekunberriko Udalarekin batera, Lekunberrin Bide Berdeen eguna antolatu du iganderako. Plazaola natur bidearen ertzeko zazpi herrietatik Lekunberrira joateko beste horrenbeste ibilaldi abiatuko dira igandean eta haietako bat da Etxeberrin hasiera duena. Bideari ekiten diotenek Aixitako bidea hartuko dute, Arrantzaleen Bidetik barna Kaxarna parean Plazaolako bide berdearekin bat egiteko. 

Parte-hartzea librea da. Baina igandean bertan, 9:30etik aurrera Leitzako, Lekunberriko edo Latasako geltokietan izena ematen dutenek tiket bat jaso eta Lekunberriko geltokian jan-edanak dohainik izanen dute 12:30etik aurrera. Behin Lekunberrin artisau azoka, puzgarriak, turismo-trena eta bisita gidatuak izanen dira. 

1994an partzuergoa sortu zenetik, Plazaolako bide zaharraren berreskurapena sustatu da, eta azpiegitura eta eskaintza turistiko erakargarriak sortuz eskualdea eta bertako produktuak ezagutarazi dira. Igandean partzuergoan parte hartzen duten udalek turismoarekiko egiten duten apustua ospatzen da, eta esker ona ematen zaie bazkide berriei, aurten Arakilgo Udalari.

Plazaola bide berdea

Gaur egun 32 km daude Nafarroan, eta Gipuzkoako 22 km-rekin batera 54 km-ko bide berdea osatzen dute. Irurtzun eta Iruña arteko udalez gaindiko proiektua bideratua dago. Joan zen urtean Irurtzun eta Saratsa (9,5 km) arteko desjabetzerako espedientea hasi zen, egikaritzeko proiektua osatu zen eta finantzazioa eskatzeko beharrezko baimenak bideratu zituen partzuergoak. 

Nafarroako  Gobernuaren Turismo Sailak Plazaolako bide berdeari A mailako turismo baliabide izendapena eman dio. Baliabide garrantzitsua da, etorkizunean estatuko gainerako probintziak Europarekin lotzea ahalbideratuko baitu Eurovelo proiektuari esker. Proiektu horren helburua Europa bide berdeen eta bizikletan ibiltzeko ibilbideen bidez lotzea da.