Joseba Ezkurdia aurrera buruz burukoan

Guaixe 2015ko mai. 4a, 09:18

Arbizuarrak Iker Arretxe 6 tantotan utzi zuen hezetasunagatik irristakorra zegoen Oiongo pilotalekuan

Joseba Ezkurdiak primerako hasiera eman dio Buruz Buruko txapelketari. Oiongo pilotalekuan arbizuarrak 6 tanto eskasetan utzi zuen Iker Arretxe. Nabarmentzekoa da hezetasunak Oiongo pilotalekua guztiz irristakor utzi zuela eta Iker Arretxek lanak izan zituela tente mantentzeko. Arbizuarra hobeto egokitu zen egoera horretara.

Esan bezala, hezetasunak zorua izotzezko pista irristakorrean bilakatu zuen. Ezkurdia hobeto egokitu zen egoera horri, batez ere berak hartu zuelako, gehienetan, ekimena. Aldiz, Iker Arretxek tente mantentzeko arazoak izan zituen. Hiru alditan aldatu zituen zapatillak, baina ez zuen arazoa konpondu eta ezinezkoa izan zitzaion eroso lehiatzea. Bi pilotarien arteko lehia paretsua espero zen, baina frontoiaren egoerak partidaren luzimendua apurtu zuen eta sekulako infernua izan zen Arretxerendako. Arretxek lehendabiziko errematea huts egin zuen, txapan bukatu zuen dejada, eta hortik aurrera hasi zen bere kalbarioa. Ezkurdiak sakea lortu zuen eta beste munduko ezer egin gabe 0-8 eta 1-21 aurreratu zen, di-da batean. Bukaeran, 6-22 irabazi zuen arbizuarrak. Ez zen txapelketako partida jokatzeko frontoia izan Oiongoa, eta, zorionez, inork ez zuen minik hartu.

Oinatz Bengoetxea zain
Joseba Ezkurdiak egin du aurrera txapelketan. Final zortzirenetan arbizuarrak Binakako txapelduna du zain, Oinatz Bengoetxea. Partida igandean jokatuko da eta Bengoetxea da faboritoa, Binakakoan eman duen maila ikaragarria oraindik pilotazaleen buruetan baitago. Baina arbizuarra irabaztetik dator, Binakakoan finalerdietan kanpo geratu izanari buelta eman nahiko dio eta leitzarra endredatzen saiatuko da. Ea arbizuarrak final laurdenetara sailkatzea lortzen duen, Retegi Biren kontra aritzeko.

Zubieta Altuna IIIaren kontra ariko da
Final hamaseirenetan Altuna III.ak 9-22 irabazi zion Binakako txapeldun Untoriari. Hortaz, Altuna III.a izango da Aitor Zubieta pilotari etxarriarraren arerioa final zortzirenetan. Atzelari etxarriarrak bi aste eskaseko epea izan du buruz burukoa prestatzeko, eta berak esan bezala atzelariendako konplikatuagoa da distantziara egitea, baina berea ematea espero du etxarriarrak.