Dantzalekuko derbia etxarrirendako eta Etxarri ligako txapelduna

Guaixe 2015ko mai. 4a, 10:53
Etxarrik irabazi du erregional mailako laugarren multzoko liga.

Erregional maila. 31. jardunaldia: Altsasu 1 – Etxarri Aranatz 3

Erregional mailan derbi sakandarra jokatu zen Dantzalekun. Altsasuk Etxarri liderra hartu zuen. Partida hasi eta ordu laurdenera Mikelek Etxarri aurreratu zuen, faltako jaurtiketa bikain batekin. Horrela iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta berehala Riverok berdintzea lortu zuen, baina pozak gutxi iraun zuen altsasuarrendako, 60. minutuan Javi Ruedak Etxarriren bigarrena sartu baitzuen, askorendako jokoz kanpoko jokaldia izan zen jokaldi zalantzagarrian. 6 minutu beranduago atzera ere Ruedak Etxarriren hirugarren gola sartu zuen. Altsasu saiatu zen baina partida horrela despeditu zen, Etxarrik Altsasuri 1-3 irabazita.

Etxarri Aranatz liderrak 74 puntu ditu. Preferente mailara igotzeko beharrezkoak ziren puntuak lortuak ditu jadanik Etxarrik, eta orain esan daiteke erregionaleko 4. multzoko liga irabazi duela Etxarrik, Arrotxapeak galdu baitzuen. Beraz, zorionak Etxarriko taldeari. Altsasu 10.a da, 42 punturekin. Asteburuan Etxarrik sailkapenean seigarrena den Berriozar hartuko du eta sailkapenean azkenaurrekoa den Lekunberriko Beti Kozkorren kontra ariko da Altsasu.