Ikasleak eta liburuak Irurtzungo plazan

Guaixe 2015ko mai. 6a, 19:26

Liburuaren Egunean, Atakondoa eskolako ikasleak une batez ikastetxea utzi eta Foru plazara joan ziren. Ikasle taldeak irakasleekin batera, Irurtzungo plaza banatuta zeuden lau eremuetatik pasa ziren. Batean liburu trukea egiteko aukera izan zuten. Aurretik ikasleek eskolara etxean soberan zituzten liburuak eraman zituzten eta apirilaren 23an beste bategatik trukatzeko aukera izan zuten.

Liburuaren irakurketan zein orritan dauden jakiteko orri markatzaile banarekin etxera bueltan joan ziren ikasleak, beste txoko batean orri markatzaileak egin baitzituzten. Olerkien txokoan heldu batek poesia bat irakurri zien eta ikasleek hura entzunda ikasleei burura heldu zitzaiena marraztu zuten. Azkenik, Atakondoako DBHko ikasleek hiru orma-irudi egin zituzten hondartza, basamortua eta mendia irudikatuz. Ikasleek euren argazkiak haietan itsatsi eta komikietan bezala, esaldi edo hitzak idatzi behar izan zituzten ondoan.

Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Atakondoako Guraso Elkarteak, Atakondoa eskolak, Irurtzungo Liburutegiak, Itxipuruk eta Mank-eko Immigrazio Zerbitzuak antolatu zuten jarduna. Azaldu digutenez, oso arrakastatsua izan zen.