46 langabe gutxiago Altsasuko enplegu bulegoan

Guaixe 2015ko mai. 6a, 17:47

Apirila akaberan 1.279 sakandar zeuden izena emanda Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Altsasuko bulegoan, martxo akaberan baino %3,47 gutxiago. Sakana guztiko datua ezagutzeko Iruñeko Zabalguneko bulegoan izena emana duten arakildar eta irurtzundarren datuak behar dira. Bestalde, apirilean Altsasuko enplegu bulegoan 493 kontratu sinatu ziren haietatik soilik 31 ziren mugagabeak.

Nafarroari dagokionez, 46.370 langabe daude orain, aurreko hilean baino % 4,25 edo 2.057 langabe gutxiago, eta 2014ko apirilarekin alderatuz, 4.375 pertsona gutxiago dago lanik gabe (% 8,62ko jaitsiera). Sexuaren arabera, gizonezkoen langabezia % 5,92 jaitsi da, hau da, 21.169 lagun (1.333 gutxiago). Emakumezkoen langabeziak ere behera egin du, % 2,79 edo 724 emakume langabe gutxiago; lan bila dauden emakume nafarrak 25.201 dira.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari-kudeatzaile Imelda Loreak aipatu duenez, apirilean “azken 10 urteotako langabezia-jaitsiera handiena izan da”. Gogora ekarri du ohikoa dela langabeziak behera egitea apirilean, eta, "beraz, garrantzitsuena joera finkatzen dela da: urte arteko datuek 19 hilabetez jarraian jaisten segitzen dute dagoeneko, duela urtebete baino 4.375 langabe gutxiagorekin. Horrek langabezia murrizteko ahaleginean lehentasunez lan egiteko adorea ematen digu". Loreak uste du langabeziaren jaitsierak eragina izan duela "arlo ekonomiko ia guztietan".