SEEren prestakuntza ikastaroak bertan behera

Guaixe 2015ko mai. 8a, 07:41
Sakandarrak ikastaro batean.

Nafarroako eta estatuko diru-laguntzen legediak kontrajarriak direlako izan da.

Sakanako Enpresarien Elkarteak (SEE) langileendako prestakuntza ikastaroak antolatu ditu urtero. Aurten ere zazpi ikastaro iragarri ditu eta izena emateko epea zabaldua zuen ere. Baina elkartea guztia bertan behera uztera behartu dute. SEEk ez daki antolatutako ikastaroak eskaintzeko aukerarik izanen duen. Hala bada, behar bezala jakinaraziko duela aurreratu du. Bitartean, ikastaroetan interesa azaldu duten sakandarrei haiek aurrera ez dutela eginen badakitela ziurtatzeko SEErekin harremanetan jartzeko eskatu dute, 948 468 307 telefonora hots eginez.

Langileendako doako prestakuntza eskaintzeko Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jasotzen zuen SEEk. Baina Nafarroan prestakuntzarako dirua banatzeko akordioak eta Espainiako Gobernuak onartutakoak kontrajarriak dira. Azken horrek langileen trebakuntzan aritzeko enpresa eta prestakuntza zentro guztien konkurrentzia askea sustatu nahi du eta administrazio publiko guztiei eragiten die. Horren ondorioz, SEEren egoera berean dira UGTren eta CCOOren prestakuntza ikastaroak.