Etxarrik eta Altsasuk galdu

Guaixe 2015ko mai. 11a, 13:20
Etxarri eta Beti Kozkorren arteko partida.

Erregional maila. 32. jardunaldia: Etxarri Aranatz 2 – Berriozar 3 / Beti Kozkor B 1 – Altsasu 0

Erregional mailako 32. jardunaldia ahazteko modukoa izan da bertan lehiatzen diren bi talde sakandarrendako. Etxarri Aranatzek Berriozar hartu zuen. Gauzak ongi hasi ziren liderrarendako, Xabateek berehala Etxarri aurreratu zuelako. Baloiaren jabetza eta aukera gehienak Etxarrik zituen, baina Berriozarrek berdintzea lortu zuen Etxarriren atera gerturatu zen jokaldi bakarrenetako batean. Hortik aurrera Etxarrik jabetza izaten jarraitu zuen, eta Gentzak Etxarri 2 eta 1 aurreratu zuen atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatian joerak berdin jarraitu zuen, Etxarrik dominatu zuen, baina Berriozar izan zen kontrako atean asmatu zuena. Bina berdindu zuen lehenik, eta gero garaiopenaren gola sartu zuen Berriozarrek, 2 eta 3 irabaziz.

Bestalde, Lekunberrin Beti Kozkorrek 1 eta 0 irabazi zion Altsasuri. Lehen zatian baloiaren jabetza Altsasuk izan zuen, eta Beti Kozkor kontraerasoekin min egiten saiatu zen. Altsasuk gol aukerak izan zituen, sarritan Beti Kozkorrekoen zurtoinean bukatu zutenak. Atsedenaldiaren ondoren Altsasuk jokoa kontrolatu zuen, baina kontraeraso bikain bat borobilduz gola sartzea lortu zuen Beti Kozkorrek. Altsasu berdintzen saiatu zen, baina ezinezkoa izan zen, Beti Kozkor ongi defendatu zelako.

Sailkapen orokorrean Etxarri da liderra (74 puntu), Arrotxapeari 11 puntu aterata. Altsasauk 10. Postuan jarraitzen du (42 puntu). Asteburuan sailkapenean 11.a den Ardoiren kontra jokatuko du Etxarrik eta Altsasuk 9.a den Uharte hartuko du, arerio zuzena.