Ikastoletakoak Bardeetan

Guaixe 2015ko mai. 11a, 13:34

Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletako ikasleak Bardeetako txirrindularitza martxan aritu ziren

Tuterako Argia ikastolak 11. Bardeetako Txirrindularitza Martxa antolatu zuen aurreko ostegunean. Bertan 7 ikastoletako 350 ikaslek parte hartu zuten, tartean Sakanako Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletako DBHko 3. eta 4. mailakoak. Bizikleta txangoarekin Bardeak ezagutarazteaz gain, Tuterako ikastolako ikasleei beste neska-mutikoekin euskaraz aritzeko aukera eskaini nahi die Argia ikastolak. Artzainaren monumentuan bildu ziren 350 ikasleak eta gero, taldetan banatuta, Castildetierrara iritsi ziren eta nahi izan zutenak Virgen del Yugoraino heldu ziren. Bukaeran, bazkarian bildu ziren guztiak. Arratsaldean Tuteran jarraitu zuten ekitaldiek eta bukatzeko, Argia ikastolan karaokea eta Muskarian taldearen kontzertua zegoen antolatuta.