HEKIMEN eta Jaurlaritza biltzen ari dira finantzazio eraginkorragoari begira

Guaixe 2015ko mai. 11a, 14:03
Hekimen elkartearen batzarra.

Euskarazko komunikabideak biltzen dituen Hekimen elkartearen eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bilera-erronda hasi dute finantzazio publikoa emendatzeko asmoz.

Apirilaren 28an ekin zioten bilera errondari bi aldeek. Lehen bileran euskarazko hedabideen finantzazio publikoa eraginkorrago bihurtzeko neurriez hitz egin zuten. Hekimeneko ordezkari Alberto Barandiaran altsasuarrak “garrantzitsutzat” jo du bilera-dinamika martxan jarri izana,” euskarazko hedabideak bultzatzeko egiten diren inbertsio publikoak hobetzeko lagungarria izango delakoan”.

Hekimen-etik Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, bestalde, kezka ere helarazi nahi zaio: azken urteetan ez da urratsik egin finantzazio sendoago eta eraginkorragoa lortzeari begira, eta kontrara, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetan pisu espezifikoa galdu du euskarazko komunikabideak sustatzeko partidak.

Kazetari euskaldunen prekarietatea
Aurreneko bileran, euskarazko herri ekimeneko medioek planteatu zuten aztertu beharko litzatekeela hedabideen kostuen eta sarreren gaia. Hekimen elkarteak gogoeta zabala egin nahi du sektorearen finantzazioaz eta lan baldintzez eta, horretarako, derrigorrezkoa da parametroak ondo ezagutu, neurtu eta haiei buruz hausnarketa egitea.

Izan ere, euskarazko hedabideetako langileen baldintzak sektorearen gabezia handienetako bat dira. Esaterako, euskarazko medioetako langileen soldatak gaztelaniazkoetan ari direnenak baino baxuagoak dira. Hekimen elkarteak langileen baldintza horiek abiapuntu gisa hartzen dira finantzazio publikoa zehazteko ere. Egoera prekariotik beste hizkuntzetako profesionalen neurrira iritsi ahal izateko, zein eredurekin konparatu aztertzen ari da Hekimen, atzerriko modeloak ere kontuan hartuta.