Futsalsakana Kopa: Racingek eta Bunkerrek jokatuko dute finala

Guaixe 2015ko mai. 12a, 09:56
Hijos de perla taldeak ederki estutu zuen Bunker.

Ostiralean, 20:00etan, Uharte Arakilgo pilotalekuan

Futsalsakana liga despeditu ondoren abiatu zen Futsalsakana kopa. 8 talde lehiatu ziren eta lau onenak sailkatu ziren final erdietarako. Asteburuan jokatu ziren final erdiak. Lehenengoan Racing San Migelek finalerako txartela lortu zuen justu-justu Arbizuri 7-8 irabazi eta gero. 7-4 galtzen zioan Racing, baina uhartearrek partidari buelta ematea lortu zuten eta lehia oso estuan 7-8 irabaztea lortu zuten. Beste final erdian Hijos de Perlak ederki estutu zuen Bunker. Baina Bunkerrek ez zuen etsi eta azkenean partida bukaeran markagailua irauli zuten, 5-7 irabaziz.

Horrela, Racing San Migelek eta Bunkerrek jokatuko dute Futsalsakana Kopako finala ostiralean, 20:00etan, Uharte Arakilgo pilotalekuan. Ligako finala ere bi talde hauek jokatuko zuten eta Racingek lortu zuen gailentzea, penaltietan. Bunkerrek errebantxa hartzea nahi izango du eta Racingek denboraldiko bigarren kopa eskuratzea. Zalantzarik gabe, galdu ezinezko final estua.