Mank-ek hondakinen kudeaketa eskola tailerrerako diru-laguntza jaso du

Guaixe 2015ko mai. 12a, 18:43
Etxarriarrak eta hondakin bilketa zerbitzuko langileak.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (NEZ) jakinarazi duenez, hiri ea industria hondakinen kudeaketa integralerako enplegu eskola tailerra diruz lagunduko du. 128.620 euro emanen ditu horretarako. NEZek jakinarazi duenez, diru-laguntzaren erdia Europako Gizarte Funtsak finantzatu du. Sakanako Mankomunitateak sustatu du eskola tailer hori Kerabi Gestion Medioambiental, S.L. eta Vermican Soluciones de Compostaje, S.L enpresekin batera.

Eskola tailerrak 6 hilabeteko iraupena izanen du eta Altsasun eginen da. 15 pertsona ariko dira, langabezian luze daramaten hamar eta 30 urte baino gutxiago duten bost gazte. Haiek zuzendari eta prestatzaile baten esanetara ariko dira.

Europako Batasunaren datuak eskutan, Mank-etik argudiatu dutenez, birziklatzearen hazkundeak lanpostuen sorrera ekarriko du. “Horretan gakoa da materia organikoaren kudeaketa zuzena”. Hondakin mota horren kudeaketak lanpostuak sortzeko aukera ematen duelako, beraz, langabeak horretan trebatzeko enplegu tailerrerako diru-laguntza eskaera egin zuen. Joan den urteko deialdian Mank-ek ez zuen laguntzarik jaso, bai, ordea, 2011n eta 2012an; baso lanetarako enplegu tailerrak egin ziren orduan.