Hilario Urbizu olaztiarra Mexikon atxilotu dutela jakiteak astindu latza eman digu. Berrogei urte pasa dira bere herria utzi behar izan zuenetik, ez du “demokraziarik” ezagutu. Euskal exilioak suposatzen duen dramaren adibide gordina.
Hilarioren atxiloketa Espainia eta Frantziaren oldarraldi errepresibo berri baten testuinguruan eman da: gazte independentisten aurkako epaiketa, sententzia eta espetxeratzeak (torturarekin lortutako auto inkulpazioak medio); gaixo dagoen Ibon Fernandez Iradi presoa espetxean mantentzeko erabakia, Espainiako hainbat komunikabidek (El Mundo, La Sexta...) azkartu duten toxikazio kanpaina...
EZ da kasualitatea eraso guzti horiek egiteko aukeratu duten unea. Bat, Euskal Herrian konponbidearen eraikuntza errazteko helburua duten ekimen berriak plazaratu direnean (EH Bilduren Bakerako Euskal Bidea proposamena, ETAk bere azken agirian berresten zuen prestutasuna...). Eta bi; Erregimenarentzat klabeak diren hauteskunde batzuen atarian.
Beste behin ere, Estatuek bortizkeria erabiliz irabazi nahi dute lehia politikoan galtzen ari direna. Ondorio garbia guretzat ere: Estatuak garaitzeko, biderkatu dezagun gure konpromisoa, metatu ditzagun indarrak Euskal Herrian eta nazioartean, garatu dezagun aske izateraino eramanen gaituen Euskal Bidea...Maiatzaren 17an, arratsaldeko 19ean Olaztiko kaleetan eta Maiatzaren 24an hautestontzietan ditugu hurrengo hitzorduak.