Joan den apirileko itzalaldi digitalarengatik, katalanezko marrazki bizidunen 3/33 katea eta katalanezko berrien 3/24 kanala itzali egin ziren Balear Uharteetan. Horren aurrean, Obra Cultural Balear erakundeak iragarri du protestak ez duela etenik izanen harik eta katalanezko kateak Uharteetara itzultzen diren arte: Sinadurak bildu eta elkarretaratze jendetsuak egin dituzte. OCBko lehendakari Jaume Mateuren esanetan, haur askok eskatzen dute beren pertsonaia gogokoen abenturak ikusten segitzea.
Nafarroan ere berdintsu gabiltza: Gure kasuan, euskarazko marrazki bizidunen itzalaldia 2008an izan zen, eta ETB3 ikusteko debekuak kalte handia egiten dio euskarari. Eskola ez da aski, euskararen transmisiorako baliabide gehiago behar ditugu, besteak beste haurrentzako euskarazko telebista bat, argi dago. Beraz, Nafarroako Gobernuari, edozein izanik ere, Nafarroan ETB3 berehalakoan jar dezala eskatzen diogu.
Mikel Taberna Irazoki
Administrazioan Euskaraz Taldea