Mapan gaude

Guaixe 2015ko mai. 14a, 09:38

Erakusketan dauden aldizkarietako batzuk. Guaixe tartean da.

Bertatik bertara eta beti eskura erakusketak euskarazko toki komunikabideen mapa eskaintzen du, eta Guaixek bere tokia du han. Ostiraletik hilaren 31ra ikusgai egonen da Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeko 2. solairuko klaustroan.

Proiektu txiki handi askoz osatutako mapa aberats eta anitza da euskarazko toki hedabideen mapa. Haiek administrazioarekin eta hezkuntzarekin batera funtsezko zutabeak dira hizkuntza garapenean. Horregatik, joan den mendeko 90.eko hamarkadatik aurrera hedatu eta loratutako toki komunikabideek urteetan egindako lana aitortu eta ezagutzera eman nahi du Oihaneder Euskararen Etxeak antolatutako erakusketak. Halako erakusketa bat egiten den aurreneko aldia izanik.

Apalategi desberdinetan gertuko informazioa euskaraz eskaintzen duten aldizkariak daude ikusgai. Paperezkoaz aparte, hainbat webgune, irrati eta telebista ezagutzeko aukera dago bi pantailatan. Gainera, Tokikom, toki komunikabideen bateragunea, gertuagotik ezagutuko du bisitariak. Hain zuzen ere, Guaixe kide den Tokikom elkartearekin elkarlanean osatu da erakusketa. Urko Aristi Tokikomeko lehendakariak azaldu duenez, “euskararen normalizazioan ezinbesteko tresna dira komunikabideak oro har, eta tokikoak bereziki:“tokiko komunikabideak dira etxe askotan kontsumitzen diren bakarrak".

60 hedabide osatzen dute 26 bazkidek kudeatzen duten sarea, tartean dira Bierrik fundazioa, Guaixe astekaria eta Beleixe irratia. Guztien artean 200.000 irakurle eta 300.000 bisitatik gora dituzte. “Gure komunikabideek euskal hiztunon komunitatea sendotu eta trinkotzea dute jomugan, euskararen inguruan komunitatea eraiki”, gehitu zuen Aristik.